Saturday, January 20, 2007

BULLYING-ARI AURRE HARTZEKO KANPAINA ABIAN JARRI DA NAFARROAN

Otsailetik 82 kontsulta jaso ditu Hezkuntza Sailak 'bullying'-ari buruz, gehienak DBHkoak edurne elizondo - IRUÑEA
Bullying-ari buruzko informazio kanpaina abian jarri du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Irakasleentzat, ikasleentzat eta gurasoentzat propio prestatutako eskuorriak banatuko ditu. Komunikabideen eta kartelen bidez ere zabalduko du informazioa. Bullying, ireki itzazu begiak lelopean, ikasleek ikastetxeetan jasaten duten jazarpenari aurrea hartu, eta dauden kasuak identifikatzen laguntzea da helburua.
2002. urtean azterketa egin zuen Nafarroako Gobernuak bullying-ari buruz: ikasleen % 3k pairatzen zuten. «Beste erkidegoetako batez bestekoaren azpitik gaude», azpimarratu zuen Hezkuntza Saileko Eskola Ikasketen Zerbitzuko buru Fermin Villanuevak atzo. Egindako ikerketa horren harira, ikasleei, ikastetxeetako arduradunei eta gurasoei zuzendutako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa jarri zituen abian Hezkuntza Sailak, bai eta aholkularitza lanerako bulego bat ere. Medio horien bidez, 82 kontsulta jaso ditu Nafarroako Gobernuak bullying-ari buruz. Kontsulta gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleen ingurukoak izan dira. Villanuevak zehaztu zuen ziklo horretako bigarren mailatik hirugarrenerako jauzian gertatzen direla kasu gehienak. Otsailaren 7tik daude abian bullying-ari buruzko informazioa jasotzeko eta zabaltzeko medioak: 900 84 15 51 telefonoa eta convive. Jasotako 82 kontsultetatik hamarretan kasuaren jarraipen zehatza egiten ari da Hezkuntza Saila. Bi kasutan osasun etxeak eman dio Nafarroako Gobernuari bullying-aren berri.
Hamar ikastetxetan plan bat abian
Villanuevak azaldu zuenez, informazio kanpainaz gain, bestelako ekimen batzuk ere jarri dira abian. Hamar ikastetxe publiko eta pribatutan ikasturtea hasi zenetik «ikasleen arteko bizikidetzaren aldeko plana» dago martxan. Emaitzen arabera, egitasmoa ikastetxe guztietara zabalduko da.
Bullying-ari buruzko kanpaina egin, eta ikastetxeetan martxan jarritako neurrien eraginkortasuna zehaztu ondoren, ikastetxeen egoera ezagutzeko beste azterketa bat egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Villanuevak, halaber, neurri juridikoen beharra nabarmendu zuen, eta, ildo horretan, auziari buruzko foru agindua egiteko asmoa agertu zuen.

HAMABI URTEKO IKASLEEN %6,2K BULLYIN-A JASAN DUTE AZKEN ASTEAN EAEN

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako azterketa batek ohartarazi du Lehen Hezkuntzako hiru ikasletik batek ikusi duela ikaskideren bat beste bat jotzen LUIS KARLOS GARCIA - GASTEIZ
Hamabi urteko ikasle guztien %6,2k eskola jazarpena jasan dute azken asteon Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Lehen Hezkuntzako (LH) bullying kasuei buruz egindako azterketaren arabera. Jarduneko sailburu Anjeles Iztuetak aurkeztu zuen atzo Lakuan eskainitako prentsaurrekoan.Irakas-Sistema Azterlana Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak (ISEI) egin du lana, 88 eskolatako ia 3.000 ikasle aukeratuta. Azterketak erakutsi du LHko bukaeran gertatzen dela eskola jazarpen gehien, ikasleek 11 eta 12 urte dituztelarik; jazarpena fisiko edota psikologikoa izan ohi da.Lehen Hezkuntzako biktimen indize orokorra %5,8koa da. Iazko amaieran EAEko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) bullying-ari buruz egindako azterketa aurkeztu zuten. Tasa %3,7koa zen, LHkoa baino txikiagoa.Iztuetak dei zuzena egin zien familiei, irakasleei eta gizarte osoari: «Adi-adi egon behar dugu denok, indarkeria kasuok pertsona heldu denean berriro gertatzeko arriskua baitago».Jarduneko kontseilariak indar handia jarri zuen erantzukizuna batek baino gehiagok daukala igortzerakoan: «Denon ardura da pausoak ematea. Auzi hau ez dago soil-soilik eskolaren esku».Gainera, emakumeen aurkako biolentzia dela-eta, gizartea sentibera bihurtu izana adibidetzat hartu zuen. «Datozen urteetan eskolako berdinen arteko tratu txarren inguruan ere borrokatu beharra daukagu».Datuak eskuetan geletan ezer ez dela gertatzen ari esatea «ez-ikusiarena» egitea izango litzatekeela ohartarazi zuen. Ildo horretan, Iztuetak nabarmendu zuen «onartu ezineko biolentzia» dela sarri askotan biktimek beraiek, eragileek nahiz lekukoek ukatu eta ezkutatutako gertaera izanik ere.Behin LHko eta DBHko arazoei buruzko argibidea eskuratuta, irakasleek nola jokatu behar duten azaltzeko araurik ba ote den galdetu zioten Iztuetari. Izan ere, jazarpenak zenbait ezaugarri berezi ditu. Adibidez, LHko kasuak gehienbat jolastokian jazotzen dira. Iztuetak erantzun zuen Jokin Zeberio gaztea hil zenetik jokaerari buruzko ituna indarrean ezarri dutela irakasleek egin beharrekoak argitzeko.ISEIren txostenak bullying-aren ezaugarriak jasotzen ditu atalka. Hona horietako batzuk:g BIKTIMAK: EAEko LHko zentroetako biktimei gehien gertatzen zaiena da gelakide batzuek barregarri uzten dituztela edota horretarako goitizenak jartzen dizkietela; bigarren arazoa da irainak botatzen dizkietela; hirugarrena kideak gaizki esaka aritzen direla biktimaz; eta laugarrena da jo egiten dutela. Azterketak agertu du alde nabarmena dagoela LHko eta DBHko indizeen artean: aipatu lau kasuetan nahiz gainerakoetan askoz ere handiagoa da LHn DBHn baino.Beste atal batek ebaluatu du biktimak norekin hitz egiten duen jasaten duen arazoari buruz eta %14k inorekin ere ez dutela komunikatzen aitortu dute. Norbaitekin hitz egiten dutenek, berriz, familiarekin egiten dute normalean (%60), lagunekin ere bai (%47), baina oso gutxik jotzen dute irakaslearengana (%18).g LEKUKOAK: Atal honek ekarri du punturik deigarrienetako bat. Ikerketari jarraiki, LHko hiru ikasletik batek azken aste honetan ikusi du kideren bat beste bati joka ari zela; maiztasuna askoz handiagoa da DBHko ikasleen arteko azterketan atal berdinean jaso ziren erantzunen aldean. Halaber, LHko ikasleen %48k kideren baten aurkako irainen bat entzun dute ÐDBHko tasa %55 zenÐ. Norbaiti buruz gaizki esaka aritu edo goitizen iraingarriak ipintzearen lekukoa izatea ere maizago gertatzen da DBHn LHn baino. Kideak jotzen edo norbaiti parte hartzen ez zaiola uzten ikustea, berriz, ohikoagoa da LHn.g JAZARLEAK: Tratu txarrak eragiten dituztenen ikuspegiaren arabera, LHko jazarleek DBHkoek baino gehiago jotzen dute kidea; berdin gertatzen da kidearen gauzak hautsi edo ondokoari parte hartzen ez uztearekin. Hala eta guztiz ere, DBHn bezala, kideaz gaizki esaka aritzea edo irainak botatzea da jazarleak gehien ibiltzen dituen jokabideak.g GENEROAK: Alderik ez da ia LH eta DBHko jazarlearen generoari dagokionez. Ohikoena da mutil batzuek egitea (%47 LHn), mutil bakar batek gutxitan egiten du (%18) eta neskak eta mutilak batera are gutxiagotan aritzen dira (%13).g TOKIAK: Biktimei galdetu diete nongoak diren jazarpena eragin dietenak ,eta erantzunak bat datoz iaz DBHko gaztetxoek emandakoekin. Hala, erasotzaileak biktimaren gelan bertan egoten dira normalean (hamar kasutatik seitan); gelakoak ez baina maila bereko besteren batekoak dira gutxitan (%16) eta goragoko maila batekoak dira zenbaitetan (%13).Era berean, azterlanak ebaluatu du bullying hori jazotzen den tokia, eta atal horretan dezenteko aldeak daude: DBHn ohikoena gelan bertan gertatzea bada, LHn jolastokian izaten da batez ere (%42).g BELDURRAK: «Beldurrik izan al duzu eskolara etortzean?». Horixe galdetu zaie LHko ikasleei eta %63k erantzun dute ezetz, inoiz ez direla beldurrez joan gelara. Aitzitik, heren batek dio beldurrez joan dela eskolara: %31k noizbait, %3k sarritan eta %1ek ia egunero.Beldurraren arrazoiez galdetuta, neska-mutilen %37k esan dute arrazoi nagusia dela kideren baten beldur izatea; beste horrenbestek erantzun dute lanak, notak eta abar zirela kausa.g IRAKASLEAK: ISEIren ebaluaketak luze eta zabal aztertu du ikasleek irakasleekin izaten duten harremana. Gehiengo batek dio irakasleek ondo edo oso ondo tratatzen duela; hamarretik zortzik diote hori.Bullying kasuren bat gertatzen denean irakasleek zer-nola jokatzen duten galdetuta, LHko ikasleek diote jazarleak zigortzea dela ohikoena (%38). Hala ere, askok erantzun dute ez dakitela irakasleek zerbait egiten duten edo ez (%28) eta gutxi batzuek diote irakasleak ez duela ezer egiten ez delako jazarpen kasuaz ohartzen (%8); lau kasutik batean irakasleak parte hartzen du jazarpena bertan behera uzteko (%25). Neska-mutilen irudipena da eskuarki lagun batek edo gurasoek hartuko dutela esku, norbaitek eginez gero, baina irakasleak gutxitan aritzen direla horretan.

BAKARRIK AL DAUDE HAURRAK?

Xabier Barandiaran
Komunikazio teknologia berrien eraginpean eraikitzen ari den XXI. mende hasierako gizarteak inoiz baino aukera gehiago eskaintzen ditu gizakion arteko harremanetarako. Urrutiko lurraldeak gerturatu zaizkigu; inoiz helduko ez ginatekeen lurraldeetako pertsonekin elkarrizketatu gintezke. Garai hauetan sekula baino abiadura handiagoz garatu liteke pertsonen arteko komunikazioa; are gehiago, komunikatzeko ereduak ere biderkatu egin dira. Baina XXI. mendeko homo videns askea, aske baino babes gutxiagorekin ageri da; merkatura itsatsia baina sarerik gabeko jauzian.
Merkatu ekonomikoaren logikak hartutako mendebaldeko garapen ereduak kontsumoaren menpeagoko egin gaitu; ongizatearen segurtasunak indibidualismoa eta gizarte pluraltasuna nagusi bilakatu ditu. Askatasunaren txanponak, alde baikor ugari dituen moduan, ezkorrak ere erakusten ditu: gizartearen eta gizarte sareen, erakundeen, gizarte kapitalaren ahultzea. Askatasun handiago baina babes gutxiago. Non dago oreka? Askatasuna modu baikorrean baloratzea ezinbestekoa da. Baina, gizakia babesik gabe edota soilik merkatuaren babesera bilduta uzten duen gizarteak hausnarketa egin beharra dauka.
Atzo Eusko Jaurlaritzak eman zituen datuen arabera, lehen hezkuntzako 20 ikasletatik batek Bullying-a jasaten du. Datu ikaragarria iruditzen zait; horrelako zerbait gertatzen denean, gainera, %14k ez dute inorekin komentatzen. Non da gizarte sarea (familia, lagunartea, eskola, kalea e.a.) gizaki hori babesteko? Bullying-aren arazoak argi gorria piztu du Europako gizartean, baina oinarrian dagoen arazoa zabalagoa da: gizartearen eraikuntza ziurtatzen duten kontrol mekanismoak ahultzen direnean gertatzen diren ondorioak. Gizakiaren askatasuna zapuzten duen gizartea gorrotagarria zait, baina gizakia babesik gabe uzten duen gizarteak ez nau erakartzen. Haurrek gizarteratzeko sare sendoak behar dituzte; sare horietan arazo gehiegi ageri dira. Lan mundua eta etxea eramangarriagoak egingo dituen sisteman pentsatzea bezain garrantzizkoa iruditzen zait gizarte sareetan garatzen den gizarte kapitalari balioa ematea. Haur gehiegik dihardute gurasoak gutxiegi ikusten, komunikabideen gehiegizko dependentzian, kaleko edo auzoko jolas sareetatik kanpo. Kalearen egoera ere azken urte hauetan asko aldatu da; kalea hutsik geratzen ari da. Urte batzuetan kalea, kaleko jolasa, elkarte ezberdinen bidez saretzen zen kalea, eskola ona izan da haurrarentzat. Kale eredu horrek bizitza galdu egin du azken urteetan. Egoera honekin batera hezkuntza sistemari zama handia etorri zaio gainera. Haurren heziketa eskolaren baitan bakarrik geratzen bada, arazoa larriagotzeko baldintzak sortzen ari gara.Bizi garen gizartean arazoak konponbide errazik ez du. Baina, pixkanaka bada ere, kontzientziazio neurri batzuk hartzen hastea behar-beharrezkoa dirudi. Arazoa serioa delako.

BAKARRIKA AL DAUDE HAURRAK?

Xabier Barandiaran
Komunikazio teknologia berrien eraginpean eraikitzen ari den XXI. mende hasierako gizarteak inoiz baino aukera gehiago eskaintzen ditu gizakion arteko harremanetarako. Urrutiko lurraldeak gerturatu zaizkigu; inoiz helduko ez ginatekeen lurraldeetako pertsonekin elkarrizketatu gintezke. Garai hauetan sekula baino abiadura handiagoz garatu liteke pertsonen arteko komunikazioa; are gehiago, komunikatzeko ereduak ere biderkatu egin dira. Baina XXI. mendeko homo videns askea, aske baino babes gutxiagorekin ageri da; merkatura itsatsia baina sarerik gabeko jauzian.
Merkatu ekonomikoaren logikak hartutako mendebaldeko garapen ereduak kontsumoaren menpeagoko egin gaitu; ongizatearen segurtasunak indibidualismoa eta gizarte pluraltasuna nagusi bilakatu ditu. Askatasunaren txanponak, alde baikor ugari dituen moduan, ezkorrak ere erakusten ditu: gizartearen eta gizarte sareen, erakundeen, gizarte kapitalaren ahultzea. Askatasun handiago baina babes gutxiago. Non dago oreka? Askatasuna modu baikorrean baloratzea ezinbestekoa da. Baina, gizakia babesik gabe edota soilik merkatuaren babesera bilduta uzten duen gizarteak hausnarketa egin beharra dauka.
Atzo Eusko Jaurlaritzak eman zituen datuen arabera, lehen hezkuntzako 20 ikasletatik batek Bullying-a jasaten du. Datu ikaragarria iruditzen zait; horrelako zerbait gertatzen denean, gainera, %14k ez dute inorekin komentatzen. Non da gizarte sarea (familia, lagunartea, eskola, kalea e.a.) gizaki hori babesteko? Bullying-aren arazoak argi gorria piztu du Europako gizartean, baina oinarrian dagoen arazoa zabalagoa da: gizartearen eraikuntza ziurtatzen duten kontrol mekanismoak ahultzen direnean gertatzen diren ondorioak. Gizakiaren askatasuna zapuzten duen gizartea gorrotagarria zait, baina gizakia babesik gabe uzten duen gizarteak ez nau erakartzen. Haurrek gizarteratzeko sare sendoak behar dituzte; sare horietan arazo gehiegi ageri dira. Lan mundua eta etxea eramangarriagoak egingo dituen sisteman pentsatzea bezain garrantzizkoa iruditzen zait gizarte sareetan garatzen den gizarte kapitalari balioa ematea. Haur gehiegik dihardute gurasoak gutxiegi ikusten, komunikabideen gehiegizko dependentzian, kaleko edo auzoko jolas sareetatik kanpo. Kalearen egoera ere azken urte hauetan asko aldatu da; kalea hutsik geratzen ari da. Urte batzuetan kalea, kaleko jolasa, elkarte ezberdinen bidez saretzen zen kalea, eskola ona izan da haurrarentzat. Kale eredu horrek bizitza galdu egin du azken urteetan. Egoera honekin batera hezkuntza sistemari zama handia etorri zaio gainera. Haurren heziketa eskolaren baitan bakarrik geratzen bada, arazoa larriagotzeko baldintzak sortzen ari gara.Bizi garen gizartean arazoak konponbide errazik ez du. Baina, pixkanaka bada ere, kontzientziazio neurri batzuk hartzen hastea behar-beharrezkoa dirudi. Arazoa serioa delako.

ZURITU EGIN NAHI IZAN DITUZTE ALDEZ AURRETIK EZARRITA ZEUDEN ZIGORRAK

Zigortutako gazteen gurasoek salatu dutenez, publiko egin gabeko eta guraso bakar batek idatzitako testuan oinarritu dute epaileek zigorra agurtzane solaberrieta - DONOSTIA
Oso haserre eta oso kezkatuta. Hala daude zigortutako zortzi gazteen gurasoak. Euren ustez, prozesu osoa, hasiera-hasieratik, «oso bidegabea» izan da. Eta euren seme-alabak zigortzeko azpijokoa izan dela diote. Hitz horiekin laburbildu du prozesu osoa Berriarekin hitz egin duen guraso batek. Oso minduta hitz egin du. Haserre. Ez du izenik eman nahi.
«Guk oso garbi dugu hau dena ez zela gertatuko Jokinen osaba El País egunkariko zuzendaria izan ez balitz». Guraso horrek garbi dio beren seme-alabak aspaldi epaitu zituztela eta errudun izendatu zituztela hainbat herritarrek, zenbait komunikabidek... «Zuritu egin nahi izan dira zuzendutako lintxamendu mediatiko batek aldez aurretik ezarrita zeuden zigorrak». Gainera, eskola jazarpenarekin lotutako lehen epaia izateak ere eragina izan duela dio, horrek oihartzun mediatiko «izugarria» duelako. «Hau guztia hasi zenean guztiak hasi ziren bullying-a ri buruz hitz egiten. Erreportaje ugari egin dira, telesailetan landu da gaia...».Euren seme-alabek Jokinen kontra egin zutela eta gaizki jokatu zutela onartzen dute. Batez ere udalekuetan izandako liskarren ondotik egin zutela haren kontra azaldu du. Seme-alabek ere hori bera aitortu zioten Ertzaintzari. «Eta sententziak ere hala dio: hiru egunetan egin zutela Jokinen kontra. Hori da frogatu den gauza bakarra. Hori bullying-a al da?». Isekak, bultzadak edota kolpeen ordez, muturrekoak, torturak, tratu txarrak edota jazarpena moduko hitzak erabiltzea gehiegi iruditzen zaio. «Baieztapen faltsuak» egin direla dio. Donostiako Adingabeen Epaitegiak kaleratutako lehen epaia bera ere «gehiegizkotzat» jo zuten. 18 hilabeteko zaintzapeko askatasuna ezarri zien akusatutako zortzi gazteei, Jokin Zeberioren osotasun moralaren kontrako delitua egiteagatik. «Zaplazteko eta bultzada batzuk emateagatik hori bada zigorra...». Jokin Zeberioren gurasoek Adingabeen Epaitegiak kaleratutako epaiaren aurka helegitea aurkeztu zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Auzitegi horrek helegitea aintzat hartu eta nabarmen gogortu zituen zigorrak: zortzi ikaskideetatik zazpik urtebete gazteentzako zentro batean pasatzea eta beste urtea zaintzapeko askatasunean pasatzea erabaki zuen. Gurasoak ez du sorpresaz hartu epaia, euren esanetan, aspaldi baitzegoen idatzita. «Egin ez ditugun adierazpenetan eta gezurretan oinarritu dira». Hain zuzen, atzoko epaiak berretsi egin du urtebeteko itxialdia, besteak beste, bi arrazoigatik: «Akusatuen familia egitura ez da nahikoa adingabeak eusteko eta desegokia da adingabeei izandako jarreragatik erantzukizuna hartu behar dutela transmititzeko». Hori argudiatzeko froga bakarra erabili dute epaileek: zigortutako gazteen gurasoek iazko azaroaren 12an Efe albiste agentziaren bitartez zabaldu zuten agiria. Baina, gurasoek salatu dutenez, epaileek erabilitako testu zatiak ez dira Eferen bitartez zabaldutako agiriarenak. Gurasoen esanetan, sententzian ageri den testua akusatuetako gazteen guraso bakar batek idatzi eta ordenagailuan jaso zuen; baina testu hori ez zen izan gero komunikabideetara zabaldu zena. Horregatik, gurasoek salatu dute epaileek publiko egin gabeko eta guraso bakar batek idatzitako testua erabili dutela zigortutako gazteen itxialdia zuritzeko. Gainera, Ertzaintzak semearen solasgunean sartzeko baimena zuela bakarrik azaldu du, eta ez ordenadore osoa ikertzeko. «Begira gainera nola erabili duten!». Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Ataleko epaileak Adingabeen Epaitegiko, psikologoen taldearen eta fiskalaren iritziaren aurka egin duela dio. «Epaileak berak nahi zuena egin du, horretarako boterea duelako».
«Seme-alabek oso gaizki pasatu dute»
Euren seme-alabak oso gaizki ari direla pasatzen adierazi du guraso honek. «Hala ere, konfiantza izugarria dugu gure seme-alabengan, eta badakigu gaindituko dutela, eta, duintasunarekin gainera». «'Hau zerrikeria bat da', esan digu gaur [atzo] semeak. Guk hau guztia ahalik eta hobekien eraman behar dugula esan diogu, animoarekin eta duintasunarekin. Egurra emango digutela, baina aurrera egingo dugula». Euren seme-alabak ez direla gaizkileak oso garbi utzi nahi izan du: «Sistema horrelakoa denez, epaileak esan duena bete beharko da, baina epaile guztiek ez dute gauza bera esan». Jokin Zeberio ere izan du gogoan: «Gure laguna zen eta maite genuen».

ADITUEK DIOTE NERABEEKIN JUSTIZIAREN ARAUAK ERABILTZEA EZ DELA KOMENI

Arauak hausten dituzten gaztetxoak nola bidera daitezkeen aztertzen ari dira Bilbon asier iturriagaetxebarria - BILBO
Arauak hausten dituzten nerabeekin nola lan egin daitekeen eta lan horretan mugarik ote dagoen aztertzeko, jardunaldiak hasi zituzten atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, ostirala arte Euskal Herriko eta kanpoko hainbat adituk arazoak sortzen dituzten nerabeen ezaugarriak ematen ahaleginduko dira, eta, aldi berean, esku hartzeko programak aurkeztu eta aztertuko dituzte. Atzo goizean egindako saioan, esku hartzeko aukerak egon badaudela baieztatu zuten, eta ahal dela lan hori Justiziaren ikuspegitik kanpo egitea komenigarriagoa dela azpimarratu zuten.
Jaume Funes, Kataluniako Arartekoaren Umeen Eskubideen Defendatzailearen albokoa izateaz gainera, psikologoa eta hezitzailea da. Funesek urte askoko eskarmentua dauka arauak hausten dituzten nerabeekin. Azpimarratu zuenez, helduen zigor sistema ezin da erabili arauak hausten dituz-ten nerabeekin, horrek beren egoera okertzen baitu. «Nerabeen eta gazteen inguruko zigor kodea aldatuko dutela entzu-ten ari naiz, eta zigorra jasotzeko gutxieneko adina 13 urtera jaitsi nahi dutela. Hori egitea astakeria galanta izango litzateke».
Justizia sistemaren zigorrak ezartzea baino hobea iritzi dio heldu batek edo hezitzaile batek bitartekari lanak egiteari. «Justizia sistema sartzeak egoera gaiztotzen du, konpondu baino gehiago». Hori frogatzeko Kataluniako datuak eman zituen: delituren bat egiteagatik zentro itxietan dauden edo izan diren gazteen %81ek berriro egiten dute delituren bat; helduren batek bitartekari lana egiten duen kasuetan, ordea, delitua berriz egiten duten gazteak %12 baino ez dira. «Delituren bat egin duen gazteari egindako kaltearen araberako zigorra ezartzeak kezkatzen du gizartea, eta horrek kezkatu egiten nau. Hori ez da delituak egiten dituzten gazteak gizarteratzeko bide egokia. Justizia sistema tartean sartu gabe ere konpon daitezke arazo horiek».
Etorkin nerabeen arazoa
Nerabeak ulertzeko modu onena haiei entzutea dela nabarmendu zuen, eta helduen ikuspegitik nerabezaroa garai zaila beti izan dela gogorarazi zuen. Era berean, gaur egungo nerabeak eta orain dela urte batzuetakoak berdinak direla zehaztu zuen. «Nerabeak inguruan daukatenaren araberakoak izaten dira, eta gaurko ingurumaria eta orain dela 10 urtekoa, adibidez, ez dira berdinak».
Hain zuzen, helduek nerabeei entzuten ez dakitela esan zuen, eta ulertzen ez dietenez azkenean gizartean «beldurrak eta ikara moralak» sortzen direla. «Nerabezaroak zertarako balio duen jakin gabe gaude oraindik; definitu gabe jarraitzen dugu. Azkenean, gizarteak beldurrez begiratzen dio adin tarte horri. Baina badago berrikuntza bat: nerabeen jarreren atzean jokabide etikorik ez dagoela konturatzen ari gara, eta ikara sortzen digu». Ikara hori helduek nerabeen arazoei erantzuten ez jakiteagatik sortzen dela nabarmendu zuen. «Baina haien arrazoiak entzungo bagenitu, gauza asko ulertuko genituzke».
Nerabeek arauak hausten dituzten espazioei erreparatzea interesgarria dela esan zuen Funesek. Nabarmendu zuenez, eskola oso leku garrantzitsua da nerabeentzat, beste nerabe batzuekin batera bizi direlako eta, imitazioan oinarritzen direnez, apurka-apurka beren identitatea osatzen joaten direlako. Hala, eskolan izaten diren arau hausteak bullying-era ez mugatzeko eskatu zuen, «hori baino askoz zabalagoa delako».Gizarte modernoetan azken urteetan sortu den arazo bati erreparatu zion Funesek: etorkin nerabeekin izaten direnekin. Hainbat herritan arazoak sortu dira, inork ez duelako nahi bere etxe ondoan etorkin nerabeak hartuko dituen zentrorik. Bizkaiko Diputazioa zentro bat egitekoa zen Erandion; baina, auzotarren protestak eraginda, hasierako asmoa baztertu behar izan du. Gizarteak nerabezaroari oro har dion beldurrarekin lotu zuen fenomeno hori. Hala ere, etorkin nerabeek sortzen dituzten arazoak berriak direla aitortu zuen. «Etorkin nerabeek pentsatzen dute ez direla inoiz izango parte hartzen duten gizarteko kideak. Atzean helduren bat edo zerbait ez daukan etorkin nerabeak delituak berriro egiteko askoz joera handiagoa izango du». Hala, arazoa konpontzeko biderik egokiena gizarteak babesa ematea dela azpimarratu zuen.

BULLYING KASUAK ESKOLAN BERTAN KONPONTZEA DA ZENTZUZKOENA

iñigo bilbao - BILBO
Edurne Uranga adingabeen epailea da Gipuzkoako Auzitegian. Bullying gaietan badu eskarmenturik, aspaldion Euskal Herriko eskoletan gertatu direnen artean kasurik entzutetsuenetakoan buru-belarri sartuta egon delako.
Eskolako ika-mikak auzitegian konpondu nahi izateak badu zentzurik?
Nire ustez, auzi horiei guztiei eskolak berak eman behar die erantzuna. Zuzenbide Penalak azken aukera izan behar du, orain artean izan den bezalaxe. Ikasgelan jazotakoa larria bada, delitua bada, orduan jo beharko da auzitegira. Baina gainontzeko kasuetan zentzuzkoena horixe da, arazoak ikastetxean bertan konpontzea. Familiaren laguntzarekin betiere, jakina.
Legediak jasotzen al ditu eskola jazarpenari aurre egiteko neurriak?
Adingabeen erantzukizun penalari buruzko legeak, ez. Horrek egiten duena da adingabeen erantzukizuna neurtu, baldin eta haietako batek Kode Zibilean zigortzen den delitu edo faltaren bat egin badu. Eta Kode Zibilean, ordea, aipatzen da: eskola jazarpena edo bullying-a osotasun moralaren kontrako delitu modura jasota dago.
Egunkarietako titularrek zein neurritan baldintzatu dute legea eta haren betearaztea?
Azken boladan, batez ere azken hilabeteotan, egia da komunikabideek eragin handia izan dutela legeari egin zaizkion zuzenketetan. Aipatzekoa da hainbat aldaketa benetako oinarririk gabe egin dela, edo gutxienez egiaztatutako oinarririk gabe. Zer esan nahi dut horrekin? Inoiz gerta daitezkeen kasu larriak ezin direla oinarritzat hartu, ondo dakigu-eta horiek salbuespenak direla. Zigorrak gogortu dira, eta gizarteari ematen zaion mezua da adingabeak direla gaur egun basakeriarik handienen erantzuleak. Eta hori ez da egia. Estatistika datuak argigarriak dira horretan. Ez da egia adingabeek eragindako kasu larriak areagotu edo gehitu direnik. Larria da gertatu dena. Adingabeen Erantzukizun Penalaren Legeari egin zaizkion aldaketak gogortzeko eginak betiere, egunkarietako titularrek eraginda egin dira, herritarrengan sortu duten alarma handia izan delako.
Egindakoaren larritasunaz oso ondo jabetzen ez den hamalu urteko gaztetxoa giltzapetzeak zerbaitetarako balio du?
Gazteak heziketa zentrora bidaltzeko erabakia hartu aurretik oso kontuan hartzen da gazte bakoitzaren egoera. Gerta daiteke 14 urteko gazte baten kasuan egokiena zentro batean giltzaperatzea izatea. Zergatik? Gainerako baliabide guztiek huts egin diotelako. Huts egin dio familiak, huts egin dio eskolak edo ez dago eskolatuta, edo bizi den lekuan ez dago lagunduko duen gizarte baliabide nahikorik. Baliabide horiek guztiak erantzuteko gai badira, egon seguru gaztea ez dutela zentroan itxiko. Azken aukera izaten da hori. Baina gainontzeko guztiek huts egiten badute, eta adingabeak egin duena larria bada benetan, giltzapetzea izan daiteke aukerarik zentzuzkoena.
Kasu batzuek eragin duten alarmaren ondorioz, guraso askok polizia etxera edo Fiskaltzara jotzen hasi omen dira edozer salatzeko. Egia da?
Kasu honetan ere ez dut uste esan daitekeenik hori jende askok egin duenik. Eskoletan gertatzen diren jazarpen kasuen inguruan eztabaida izan den neurrian, salaketa egitera ausartu direnak badira. Baina ez da egia jendea zentzurik gabe salaketak ipini eta ipini dabilela. Arinago baziren salatzen ez ziren portaerak, gaur nabarmendu eta salatzen direnak izatez larriak direlako.
Auzitegia leku egokia da horiek guztiak konpontzeko?
Legeak erantzuna ematen die adingabeek sortutako arazoei. Horretarako dago. Hori bai, arinago esan dudan moduan, zentzuzkoena ikasgelan jazotakoak ikasgelan bertan konpontzea litzateke, auzitegira jo ordez. Baina adingabeak egin duena larria bada eta auzipetu behar bada, legeak erantzun egokia emango dio. Hemen, EAEn, behintzat, izan ditugun kasu guztiei erantzuteko gai izan gara.
Badu zentzurik bullyng kasuetan ikastetxeei erantzukizun zibilak eskatu nahi izateak?
Ez dut uste egokia denik horrela egitea. Horrek giroa gaiztotu besterik ez duelako egiten. Bakoitzak berari dagokion eremuan erantzun behar dio arazoari. Ez dut uste egokia denik ikastetxeen kontra erantzukizun zibilak eskatzen ibiltzea. Kasuak banan-banan aztertu beharko lirateke, ikusteko ea benetan eskola arduradunen aldetik utzikeria egon den edo ez, eta, ondorioz, erantzukizunik eskatzerik badagoen zehazteko.
Egokiena arazoa eskolan bertan konpontzea litzateke, eskolan bertan halako egoerei aurre egiteko behar beste baliabide badutelako.

BULLYING-A AMAITZEKO, KRITIKAK EZ, SOLUZIOAK BILATU BEHAR DIRA

Hori azpimarratu du Miguel Garrido Sevillako unibertsitateko psikologia irakasleak EHUko hitzaldian
manu gimenez
Donostia
Ikaskideen arteko indarkeria amaitzeko, kritika hutsak baino gehiago, konponbideak bilatzeko garaia dela nabarmendu zuen Miguel Garrido psikologian doktoreak. Gainera, arazoa atzematen den momentuan salatzeko deia egin zien gurasoei: «Gurasoek legea argi izan behar dute, ezin da horrelakorik onartu».
EHUko Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan haurren heziketa ari dira lantzen egunotan. Atzo, azkenaldian puri-purian dagoen gai bati buruz hitz egin zuen Miguel Garridok, Eskolako indarkeria. 'Bullying'-a. Hala ere, modako gaia izate hori gaitzetsi zuen Garridok hitzaldiaren hasieran, eta arazoari daukan garrantzia eman behar zaiola.
Bestalde, ikasleen arteko jazarpena aspaldi sortu zela esan zuen, eta gizartearen jokabidea salatu zuen, «norbait hiltzen den arte ez da ezer egiten». Baina jazarpena ikasleek ikaskide bat behin eta berriz jo, iraindu edo baztertzen dutenean hasten omen da, «ez haur batek bere buruaz beste egiten duenean».
Normalean, ezaugarri desberdinak dituzten ikaskideen artean gertatzen omen dira tratu txarrak. Indar handia duenak ahulena jotzen du, lagun asko dituenak bakartia baztertuko du, tokikoak etorkinak... Ikaskideen arteko botere mailaren desberdintasunak ere ahalbidetzen du bullying-a, Garridoren ustez.
Mutiletan gertatzen dira indarkeria kasu gehienak, gainera, indarkeria mota desberdinak erabiltzen dituzte neskek eta mutilek. Mutilek indarkeria fisikoa erabiltzen dute gehien, neskek, ordea, hitzezkoa; irainak, ezizen gutxiesgarriak, etab. Baina ondorioak antzekoak dira bi kasuetan, bazterketa soziala eta arazo fisiko eta psikologikoak.
ERAGILEAK ASKO DIRA. Jazarpena eragiten duten elementu asko daude, irakaslearen iritziz. Komunikabideak dira horietako bat; izan ere, «haurrak biolentziaren ikus-entzule bihurtzen dira telebistaren aurrean». Gaztetxoen autoestimua baxuak ere eragina omen du tratu txarretan, «buruestimu baxua berdintzeko, jotzea erabakitzen dute». Era berean, bullying-a jasan dutenek etorkizunean indarkeria erabiltzeko joera omen dute.
Bullying-a eragozte bidean, aholku txarrek bidea trabatzen dutela gaineratu zuen. 'Kasurik ez egin', bullying-ak indartsuago egingo zaitu', eta horrelako adierazpenek kalte besterik ez dutela egiten esan zuen Garridok. Gainera, batzuetan ikastolako arazoak direnez, gurasoek ikastolaren esku uzten omen dute ardura guztia. Baina arazoa konpontzeko etxetik hasi behar dela uste du irakasleak.
Biktimek, normalean, ez dute pairatzen duten jazarpenaz eta mehatxuez hitz egiten, eta hori omen da arazoari aterabidea bilatzeko pausorik garrantzitsuena eta eman beharko litzatekeen lehena, Garridoren ustez. «Hitz egitearen kultura zabaldu behar da ezinbestean».
Metafora batekin amaitu zuen hitzaldia. Txakurra eta katua etsaiak direla betidanik entzun dugu, baina Garridok erakutsi zuen bideoan, txakur bat eta katu bat jolasean ikus zitezkeen, bi ikaskideren arteko gatazka konponezinik ez dagoela frogatzeko.

BULLYNG-AREN PREBENTZIORAKO MATERIAL DIDAKTIKOA ESKURA DAGO

DBHko lehen zikloko irakasle eta ikasleentzat 'Eman bostekoa' materiala prestatu du Ereinek
UNAI ZUBELDIA
Donostia
«Entzun al duzu inoiz bullying hitza? Ba al dakizu zer den bullying kasu bat?». Bi galdera horiek jasoko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen zikloko ikasleek, Erein argitaletxeak kaleratu berri duen Eman bostekoa ikasgelan bullying-a lantzeko ikasmateriala erabiltzen dutenean. Bi filmek, making off batek -aktoreen hitzekin grabaketa nola egin zen erakusten duen zatia- eta unitate didaktikoak osatzen dute Ereinek argitaratutako bullying-aren prebentziorako DVD materiala. 500 bat ale egin dituzte, eta eskoletan jada informazioa badute.
Irakaslearentzat didaktika gida bat ere badago, eta ikasleek ere lanerako fitxa batzuk dauzkate. «Halakorik berriro ez gertatzea da gure helburua, eta baita bullying-a zer den jakitea eta horren aurrean nola jokatu ikastea ere». Ikasleen parte-hartzea eta inplikazioa bilatu nahi izan dute Javier Monzon eta Pedro Maria Torres egileek eta Nuria Ruiz Cabestany ideia eta ikus-entzunezkoen arduradunak.
Eskola sistema bizirik dagoen seinalea da; familia giroan, lantokian eta parkean gertatzen diren gatazkak, eskolan ere izaten dira. «Eta gatazkak, berez, ez dira txarrak, bizitzarako, ikasteko eta hazteko balio baitute». Egileen hitzak dira. «Eta bullying-a gatazka horien guztien artean bat da, osagarri jakin batzuk dituena». Gatazka jakin horri modu prebentiboan aurre egiteko sortu dute materiala.
Eta zein da gatazka jakin horren definizioa? «Maiztasun jakin batekin gertatzen den eraso fisiko zein psikologikoa. Errealitate horretan babestu gabe dagoen biktima dago beti». Hori da bullying-a. «Baina horren barruan ere bullying psikologikoa -neskena, batez ere- eta fisikoa -mutilena- dauzkagu; psikologia antzematen zailagoa da, eta denboran luzatzen da», zehaztu du Ruiz Cabestanyk.
Bi istorio ageri dira DVDan, Daniel eta Elenaren istorioak. Material horren bidez irakasleak bullying-a aztertzeko aukera izango du. Irakasleak lehenengo fitxa bat emango die ikasleei -irakasleak beretzat prestatutako materiala izango du oinarri-, bullying-ari buruz zer dakiten jakiteko. Ondoren bi filmak ikusi eta berriz ere beste fitxa bat bete beharko dute ikasleek -identifikatu bullying-tzat har daitezkeen hiru eraso, bullying-tzat hartu ezin diren hiru eraso... Horrelako galderak daude-. Fitxa horiek banaka bete ostean, irakaslearen proposamenei jarraituz, bateratze lana egingo dute, eta making off-a ere ikusiko dute guztiek, aktorearen azalpenak entzuteko.
Irudi horiek ikusi eta taldeka lan egin ostean, irakasleak klasean bullying-ari buruzko eztabaida sortuko du, ikasleen parte-hartzea bultzatuz. Hori da azken helburua. Eztabaida. «Modu gordin-gordinean hitz egiten hasi gabe, filmeko egoerei buruz hasiko dira hizketan, eta hortik sortuko dira proposamenak, ideiak... azken batean, filman erraz ulertzen baita istorio hori benetakoa dela. Adibide gisa, aktoreek ere oso erraz ulertu dute barruan benetan zer istorio dagoen».
Filmek hasiera eta amaiera bat daukate -mutilaren istorioan, adibidez, gurasoek semea eskolaz aldatzea erabakitzen dute-, baina arazoa azaleratzeko besterik ez dute egin hori. «Klasean eztabaidatzeko aitzakia da».

JAVIER MONZON EHUko irakaslea eta pedagogoa
«Erasoetan biktimari lagundu behar zaio, baina erasotzaileari ere bai»
U. ZUBELDIA
Donostia
Eman bostekoa proiektuan parte hartu du Javier Monzon EHUko irakasleak. Bullying-aren bilakaera gertu-gertutik ezagutzen du.
Inoiz baino gehiago hitz egiten da bullying-ari buruz, baina lehen ere izango ziren kasuak. Zer aldatu da?
Gizartearen begirada aldatu da. Lehen ere bullying-a bazegoen; ezin da esan orain kasu gehiago daudenik. Dauden horiek oihartzun handiagoa daukate, hedabideengatik, familiek ere salatu egiten dutelako... Arazoa agerian eta gizartea jakinaren gainean dago.
Jakinaren gainean bai, baina material didaktikoa prebentziorako dela esan duzue. Orain arte, beraz, irakasleek ez dute laguntzarik izan? Zer behar zeuden?
Hiru urte pasa dira lan honetan hasi ginenetik, eta gauzak aldatu egin dira. Lehen ere egiten ziren bizikidetza planak, eta oraindik ere egiten dira. Guk bullying-aren prebentziorako lagungarria izango den tresna egin dugu. Besterik ez.
Hondarribiko Jokin Zeberioren kasua da ezagunena, eta kasu horretan ikasle batzuek jaso zuten zigorra. Baina bullying kasu baten aurrean zer ardura daukate ikasleek, familiak, eskolak...?
Jokinena oso kasu berezia eta gogorra izan zen. Hori oso gutxitan gertatzen da. Hori ere bullying-a da, baina bullying-a hori bakarrik ez da. Indarkeri maila desberdinak daude, eta kasu horretan bullying kasu gogor bat zenez, neurriak ere gogorrak izan ziren. Eta kasu horietan errua norena den? Denena eta inorena ez. Baina garrantzitsuena ez da hori, bullying kasuak ez gertatzea baizik. Biktimari lagundu behar zaio, baina erasotzaileekin ere lana egin behar da, atzean arazoren bat dagoen erakusgarri baita erasoa.
Neska/mutil bereizketa egin duzue bullying-a azaltzean.
Bai, joera hori badago. Mutilena bullying fisikoa izan ohi da orokorrean, eta neskena psikologikoa. Baina, tamalez, neskak mutilen eredu txarrak ikasten ari dira.


DVDaren datuak
Jatorrizko ideia eta errealizazioa. Nuria Ruiz Cabestany.
Gidoia. Javier Monzon eta Nuria Ruiz Cabestany.
Materiala. Bi pertsonaiak jasaten duten jazarpenaren inguruko bi film, making off-a eta material didaktikoa.
Iraupena. 18 minutu eta 25 segundo.
Hizkuntza. Euskara.
Norentzat. DBHko lehen zikloko ikasle eta irakasleentzat.

ARARTEKOAK DIO ESKOLAETAN BIZIKIDETZA ARAZOAK BADAUDELA, BAINA EZ LARRIAK

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako giroa aztertu du Lamarcak, ezohiko txosten batean

estitxu ugarte

Gasteiz

«Orokorrean ikastetxeetan ez dago kezkatzeko arrazoirik, baina diziplina ezarekin lotutako arazo larriak nahiko zabalduta daude». Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarcaren esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikasleen, irakasleen eta familien artean dagoen giroa ona da, baina hainbat arazori behar bezala heldu behar zaie bizikidetza hobetzeko.

Atzemandako arazo nagusiak gehienbat irakasleen autoritatea ukatzearekin lotuta daude, eta ez horrenbeste ikasleen edo irakasleen kontrako jazarpenarekin. «Tratu txarren egoerari dagokionez, ez dirudi arazoak beste erkidegoetan baino eragin handiagoa duenik hemen. Horrek, ordea, ez dio inolako garrantzirik kentzen arazoari», azaldu du Lamarcak.


'BULLYNG'-AZ HARATAGO. Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan ezohiko txostenean jaso ditu arartekoak halako ondorioak. Atzo aurkeztu zuen txostena Lamarcak, eta, azpimarratu zuenez, ez da soilik bullying-ari buruzko azterketa, baizik eta ikastetxeetako giroa orokorrean aztertzeko saioa eta arazoei aurre egiteko gomendioen bilketa. Txostenaren elementu nagusia joan den ikasturtean EAEko DBHko 80 eskoletan garaturiko ikerketek osatzen dute. Horretarako, 2. mailako 1.707 ikaslek, 4. mailako 1.616 ikaslek, 2.782 familiak, 1.257 irakaslek eta 80 zuzendarik eginiko elkarrizketak erabili dituzte.

Ikerketaren ostean jasotako daturik deigarriena da ikastetxeetako indarkeriaren inguruan gizarteak agertzen duen kezkak eta hedabideetan zenbaitetan agertzen diren albisteek ez dutela bat egiten ikasleek, irakasleek eta familiek beren eskoletako giroari buruz duten irudipenarekin.

Izan ere, txostenean ageri denez, «guztiek uste dute ikastetxeetan dagoen bizikidetza giroa positiboa dela. Hala, ikasleen %92k esan dute ikastetxean oso gustura daudela eta lagun asko dituztela. Era berean, familien %93,4 oso pozik daude semea edo alaba dagoen ikastetxearekin.

Giro onak, baina, alde kezkagarriak ezkutatzen ditu. Batetik, irakasleen eta familien arteko banaketa aipatzen du txostenak. Alegia, irakasleen eta ikasleen arteko harremanari buruz oso ikuspegi idilikoa dute familiek. Aldiz, ikastetxeetako diziplina arazoen edo indarkeriaren arrazoia familiak permisiboegiak izatea dela uste dute irakasleek.

Halaber, zenbait jokabide normaltzat hartzen dira, eta horrek zalantzan jartzen ditu bizikidetzaren hainbat balio. «Gelako martxa etetea eta halako diziplina akatsak sarritan gertatzen dira, eta irakaslearen egonezinaren arrazoi nagusietarikoa dira», esan zuen Lamarcak.

Eskoletako giroa nahasten duen beste faktore bat aipatu zuen arartekoak. Hain zuzen, irakasleen desmoralizazioa eta gogo falta. «Irakasle gehienek gainezka egiten dutela sentitzen dute, alde batera utzita daudela, bitarteko nahikorik ez dutela, eta oso kritikoak dira Administrazioarekin».

Azkenik, tratu txarren biktima direnen bakardadea eta mina nabarmendu zituen Lamarcak. Egoera horri aurre egiteko, gainera, hainbat gomendio egin ditu txostenean. Biktimari laguntza eta babesa bermatzea eta haren familiarekin harreman estua izatea ezinbestekotzat jotzen du. Halaber, erasotzaileei eta haien familiei segituan ohartarazi behar zaie jazarpenak ez duela tokirik. Bestetik, halako kasuak ezagutarazteko bideak eskaini behar zaizkie ikasleei. Eta, azkenik, halako kasuak ikertzeko eta zigortzeko prozesuaren gaineko jarraipen zorrotza egin behar da, atzerapenik gabe.


«Irakasle gehienek gainezka egiten dutela sentitzen dute, alde batera utzita daudela, bitartekorik gabe»

«Gelaren martxa etetea eta halako diziplina akatsak sarritan gertatzen dira ikastetxeetan»

iñigo lamarca

eae-ko arartekoa


arartekoaren gomendioak

Arartekoak, ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko, gomendioak egin ditu. Hezkuntza sistema osoarentzat dira, baita eskolako parte ez diren baina horretan eragina duten beste gizarte eragileentzat ere.


Hezkuntza Administrazioari

Bizikidetza hobetzeko programak zabaldu. Ikastetxeen parte hartzea lagundu, eta programen jarraipena egin.

Bizikidetza planak garatzeko laguntzak handitu. Baliabideak, aholkularitza, eta prestakuntza hobetu behar dira.

Bereizketa ekidin. Arazoak dituzten ikastetxeei baliabide gehiago zuzendu.

Arauak berraztertu eta osatu. Ikasleen eskubideen eta betebeharren dekretua aldatu behar da.

Jazarpen egoera larriak ekidin. Bortizkeria kasuak atzemateko eta aurre egiteko protokoloak berraztertu eta zuzendu.


Ikastetxeei

Bizikidetza hobetu eta tratu txarrak ekidin. Ikastetxeek benetako konpromisoak hartu behar dituzte ildo horretan.

Ikasleen inplikazioa. Gatazkak bideratzeko ikasleen parte-hartzea bultzatu.

Banakako tutoretzak. Ikastetxe guztietan halako tutoretzak zabaldu.

Gizarte trebetasunak landu. Emozioak kudeatzeko trebetasunak taldeko tutoretzan landu.

Egonkortasuna. Ikasle talde bakoitzean dauden tutoreak egonkortu.

Kanpoko jarduerak ikuskatu. Jantokian, autobusean edo jolasaldian hezkuntza irizpideak ezarri.

Bizikidetza batzordeak sortu. Sektore guztien parte-hartzea bilatu.

Bizikidetza curriculumean txertatu.

Bizikidetza arauak. Ikasleen, irakasleen eta familien artean onartu eta ezarri.

Diziplinarik eza. Arazo larriena izanik, eskolan oinarrizko arauak argi eta garbi ezarri behar dira, eta ikasteko eskubidea bermatu behar da.


Bestelako gizarte eragileei

Judizializazioaren inguruan. Auzitara jo aurretik alternatiba guztiak agortu behar dira. Epaitegien esku dauden kasuen inguruko jarraipena egin behar da. Ikasleen babesa bermatu behar da.

Hedabideen tratamendua. Adingabeen eskubideak babestu.

Elkarlana bultzatu. Ikastetxeetatik kanpo lanean ari diren bestelako eragileekin lan komuna egin behar da; alegia, hezitzaileekin, gizarte laguntzaileekin...

Thursday, January 18, 2007

Bullying aurkezpena

GAIAREN AURKEZPENA:
"Ikasle bat kokilduta edo erasota dago beste ikasle batek baino gehiagok denbora luzez ekintza ezkorren pean dutelarik" (Olweus 1994)
Igoalen arteko erasoketa edo bullying oso arazo serio bezain ezezaguna eta gutxi tratatua da. Biktimengan sufrimendua sortarazten du, zeinak suizidiora ailega daitezkeen eta eragin ezkorra bai erasotzaileengan bai ikusleengan ere. Irakasleen eta familien artean ustekabean igarotzen da edo ezintasuna sortarazi, arazo honi nola heldu ez dakitelarik jakinaz gizarte mailan oso ondorio latzak izan ditzakeela.
ERASOKETAREN EZAUGARRIAK :
Erasotzaile eta biktimaren arteko ezberdintasun fisikoa edo boterezkoa, ekintza errepikakorrak lekuetan eta denboran, beti ere propio egina. Ezaugarri fisiko, ahozko, sozial eta psikologiko ditu eta hauek protagonistak markatzen dituzte beren gero sozialean behin eskola utzia gero. Praktikan, defendatzen ez dakien edo ezin duenaren kontra indarkeria erabiltzea da: kolpeak, bultzakadak, umilazioak, irainak, bokata zein etxerako lanen lapurretak dira biktima beldurtu eta zokoratzen dutenak berari aldez aurretiko angustia sortuz. Etxetik atera baino lehen ondoren gerta daitekeena sofritzen du.
ERASOKETAREN PROTAGONISTAK:
Erasotzailea, gizonezkoa maizago, normalean fisiko edo karakter aldetik indartsua izaten da eta ez du errukitasunezko sentimendurik (besteak merezi du). Ondorio gabeko abusuan eta gehiegikerietan ohitutzen da, denboraz delinkuentzia edo bortxaketa familiarrean bilakatu daiteke.
Biktima, baita ere gehiagotan gizonezkoa, autoestimu baxukoa, harremanetarako zailtasunekin, bere ondoan babesteko talderik gabekoa. Saiatzen da erasoari ihes egiten irudimenezko edo somatizatutako gaixotasunen atzean ezkutatuz. Ikusentzuleak: ez dute parte hartzen, egoera bortitzak ikusten eta normaltzat jotzen ohitutzen dira eta hurkoaren sufrimenduaren aurrean inmunizatu egiten dira...
ERASOKETA GUNEAK:
Edozein tokia baldi eta beha ez badago pertsona heldu bat..
ERANTZULEAK:
Eskola garaian erasoketaren prebentzioa eta zuzenketaren erantzuleak gara bai erasotzaileen, biktimen eta ikusentzuleen gurasoak, zein irakasleria eta ikastetxetako pertsona heldu oro.
Horregatik oso garrantzitsua da ikastetxetako estamentu ezberdinek gaiak behar duen lehentasunaz hartzea eta detektatzeko eta zuzentzeko plangintza lantzea.

Wednesday, January 17, 2007

Behetik gora

Neska eta mutilen arteko biolentzia egoerak identifikatzen jakiteko eta soluzio egokiak eman ahal izateko liburuxka argitaratu du Emaisia elkarteak. Arazo motak batu eta eurak konpontzeko aholku sorta prestatu dute ‘Xake Mate’ bildumako bigarren esku liburu horretan. Argitalpena hezitzaile eta begiraleen artean banatu dute.

‘Aisialdian biolentziari aurre egiteko aholku sorta’ dauka izena Emaisia elkarteak argitaratutako esku liburua. Zabalbide kaleko elkarte horren bigarren liburuxka da, iaz sexismoa gai nagusitzat hartuta antzeko argitalpen bat plazaratu zuen eta. Orduko hura bezalaxe, aurtengoa ere Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Urtxintxa eskolaren laguntzaz kaleratu du Emaisiak. Gaztetxoak olgetan eta, orokorrean, aisialdian modu jakin batez portatu izaten dira. Harreman horietan neska-mutilak genero identitateaz, estereotipoz eta rolez markaturik agertu izaten dira. Lagun taldearen presioa handia izaten da eta, ondorioz, batzuetan neska eta mutilen artean bazterkeria eta indarkeria egoerak gertatzen dira. “Sarritan -idatzi dute liburuxkaren egileek- harremanetarako gure ereduak erasokorrak eta baztertzaileak direlako”. ADIERAZPENAKNeska mutilen arteko indarkeria modu askotan agertzen da. Era asko dagoz berau agerian uzteko: keinuak, kolpeak, irainak, zemaiak, lagunen bat gutxiestea, lotsaraztea, … Jakina horiek denek eragin arteza daukate erasoa jasandako pertsonarengan, “euren gorputzetan, mundua aditzeko eran, sexualitatean, euren buruaz daukaten irudian, duintasunean…”, zehaztu dute Emaisiakoek. Egon gatazka bat dago eta biolentzia darabilena be beldur da, bestearengan mehatxua ikusten ei du, diferentea delako, desberdin pentsatzen duelako, … “Gatazkaren aurrean errespetua, komunikazioa eta eztabaidaren bitartez konponbidea bilatu barik, bestea gutxietsi eta isilarazten du”, argitu dute. Indarkeria horrez bere nagusitasuna agerian laga gura du, bere iritzia eta ikuspuntua gainetik jarrita. Liburuxkak gomendio orokorrak ematen dizkie hezitzaile eta begiraleei. Alde batetik, jolasetan lehiaketetako irabazleak harrotu barik neska-mutil bakoitzaren egoera eta izaera kontuan hartuta bere ahalegina baloratzeko gomendatzen dute. Bestetik, diferentziak arazo iturri barik aberastasun gisa ikusteko gonbitea egiten dute, baita gaztetxoen arteko hierarkiak, menderapen eta menpetasun harremanak ez onartzeko. Eskuliburuaren zati handi batek bortizkeriaren adierazpenak azaltzen ditu. Irainetatik hasita -tontoa, kapulloa, tentela, …-, berba sexistak -putaseme, marikoi, …-, eraso psikikoak -zurrumurruak, baten gainean txarto esatea, …-, min fisiko egitea, homofobia -maritxu, mari-mutil, …- genero eta kultur bazterketa, bullying, biolentzia sexual edo sexista, … Atal bakoitza zehazki azalduta dakar liburuak eta irtenbide bana ematen du. Horrez gain, liburuak hiru sail gehiago dauzka biolentzia gure gizartean zertan den hausnartzeko, erasotzaileak, erasoa jasan dutenak eta ‘ikusleak’ aztertzeko eta, azkenik, aisialdian bortizkeria kasuei aurre egiteko aholkuak emanez. BIGARREN LANAEmaisia elkartea 1997an sortu zen. Urtxintxa begirale eskolatik igarotako 70en bat emakume batu ziren proiektuan eta, harrez gero, hainbeste gauza egin dituzte, beti ere hezkidetzari begira. Ikastaroak, argitalpenak, … Liburuxken kasuan, Xake Mate sortak bi dauzka dagoeneko. Lehenengo iaz plazaratu zuten, esan legez, sexismoari aurre egiteko asmoz. 1.500 ale banatu zituzten orduan begirale eta hezitzaileen artean. Argitalpen hari segida eman diote uda honetan biolentziaren gaineko esku liburu berri horrekin. Izan ere, sorta horretako liburuxka biak euskara hutsez daude. Ez daukate erdarazko itzulpenik. Liburua inteneten dago doan eskuratzeko moduan pdf formatuan. Hona hemen helbidea: www.urtxintxaeskola.org Bertan argitalpenen atalera jotzea besterik ez dago.

Thursday, January 11, 2007

Bullyng-a aurrez aurre

Jazarpena, bullying -a... Hondarribiko gertakariaren ondoren denon ahotan dabilen gaia da. Lehendik ere horrelako arazoak ezagunak baziren, oraingoan ondorioak muturrera iritsi dira, eta horrek kezka areagotu egin du.

Ez da errudunak bilatzen aritzeko unea, zuhurtziaz jokatu eta hausnartzekoa baizik. Eta bada zer hausnartua: zergatik sortzen diren horrelako jazarpenak, zer egin daitekeen horiei aurre egiteko edota saihesteko, zer egin dezakeen bakoitzak dagoen lekutik (familian, ikastetxean, gizartean, administrazioan...) eta abar.

Eskolan kokaturik, alde batetik, prebentzio lana egin daiteke, eta hori egiten dute Etxarri-Aranazeko ikastolan. Bestetik, daukagun hezkuntza ereduaz eta antolaketaz hausnartu beharko genuke, horrek ere baduelako bere eragina. Juanjo Otaño eta Alex Barandiaranek esku bat bota digute horretan. Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala
Jazarpen egoeren erantzukizuna guztiona da

Bullying -a denboran zehar mantentzen den planifikatutako eta nahitako erasoa da, botere gehiegikeriaren egoera dramatikoa adierazten duena, eta nagusitasun-menpekotasun eskema ezarrarazten duena erasotzaileak biktimaren gainean". Horrela definitzen du bullying-a Jose Maria Aviles Gaztela eta Leongo STE sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak. Ikasleen artean gertatzen diren jazarpen egoeren inguruko doktorego tesia egina du eta bullying-aren aurka egiteko programak diseinatuta ere bai.

Nora Rodriguez bullying-ean aditua den pedagogoak ere antzeko definizioa ematen du: "Ikasketa zentroetan gertatzen den beldurrarazte prozesua da, sistematikoa eta hazten doana, lagun batzuek beste bati egiten diotena taldearen onespenarekin".

Ez da arazo berria, betidanik egon baitira baztertutako lagunak, irainak jaso dituztenak, harroputzak eta ahulak. Gehienetan kaltetuek barruan eramaten dute sufrikarioa, isilpean. Batzuetan ondorioak ikusten dira, bestetan ez. Hondarribiko kasuan ikusi dira, eta horrek ezinegona eta kezka areagotu egin ditu.

Jose Maria Avilesek egindako azterketaren arabera, ikasleen % 6k onartzen du inoiz ikaskideek eragindako tratu txarrak jaso dituela. Tratu txarrak eragin dituztela aitortzen duten gazteak % 5,8 dira.

Garbi dagoena da hausnartu beharra dagoela. Batetik, horrelako jazarpenak zergatik gertatzen diren jakiteko, eta bestetik zer egin daitekeen ikusteko.

Gurutze Zipitria psikoterapeuta eta irakasleak dio umetan gertatzen direla, "helduok ez garelako behar den bezalako ereduak". Izan ere, jasotzen duten eredua, bai etxean eta bai eskolan, egungo gizarte ereduari erabat lotuta dago. Alicia Stürtze historialariaren iritziz "behin eta berriz hitz egin da "balioetan" oinarritutako heziketaren premiaz horrelako arazo guztiei irtenbidea emateko. Haatik, gutxik aipatu dute hezkuntza sistemak bizi duen kontraesana. "Munduko hezkuntza ordena berriaren" ezarpena bizi du orain, eta bere kontsigna nagusiak balio horien kontrakoak dira, hain justu. Edozein eskolak integratu beharko lituzkeen justizia, elkarrizketa, elkartasuna, trukea eta tolerantzia zaharkituta gelditzen dira eredu berri horretan. Munduko merkatu librearen neurrira egindako eredua da, eraginkortasuna eta konpetitibitatea helburu dituena. Kontua ez da hiritar integralak, kritikoak, integratuak eta solidarioak prestatzea, baizik eta "homo economicus" moduko bat, multinazional handien estrategietara eta merkataritza librera eta haren ideologiara egokitua".



Erantzukizuna denona da

Bullying-a ez da gazteen arazoa, gizarte osoarena baizik. Horregatik, erantzukizuna ere denona da, ez gazteena soilik, irakasleena soilik edo gurasoena soilik. Ondorioak ere, denok jasaten baititugu. Avilesek dioen bezala, "biktimari eragiten dio, noski, ondorioak jasaten dituelako. Erasotzaileei ere bai, nagusitasun-menpekotasun harremanean oinarritutako erlazioak edukitzera ohitzen direlako. Ikusleak ere, ezer egin gabe eta beste aldera begira gelditzen badira, moralki egoera injustuak ikusi eta beste leku batera begiratzen ikasten dute".

Xabier Barandiaranek ere hala dio: "Gazteek bizi dituzten arazoak gizarte arazoak dira, eta konponbideak gizartera apuntatzen du bere osotasunean: familiaren, eskolaren, herriaren zeregina birdefinitu eta indartzera. Arazoa guztiona da, eta guztioi dagokigu ardura; zeregin hori hezkuntza sistemaren esku edota komunikabideen esku bakarrik geratzen bada, gizarteak porrot egingo du".

Erantzukizuna hartu beharra dago, eta serio, gainera. Elias Mendinueta guraso eta abokatuak eta Mirari Bereziartua coach pedagogoak diote ez dugula lasaitu behar, lasai gelditzeak ez duelako ezer konpontzen. "Erantzukizuna, batzuena zuzenagoa bada ere, guztiona da". Ildo beretik mintzo da Koldo Izagirre idazlea ere: "Pedagogiaz espantuka hitz egin eta baliabiderik ematen ez duen politikaria da bakoitza, gelan gertatzen ari dena zuzentzeko gauza izan ez den hezitzailea da bakoitza, semearen ubeldu moral eta fisikoak eztitzeko gai izan ez den gurasoa da bakoitza, bere burua amildu duena bera da bakoitza... baina batez ere tradizioaren izenean edo eguneroko epelean herrian eredu matxomerkea nagusitzen utzi duen oro da bakoitza".



Zer egin dezakegu?

Ildo horretatik, bigarren hausnarketara heltzen gara: zer egin daiteke? Hasteko, gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana funtsezkoak dira. Horrekin batera, gazteekiko komunikazioa ere bai; beraien egoera ezagutzeko eurekin egon beharra dago. Harremanak zaintzea funtsezkoa da.

Gurutze Zipitriaren ustez harremanei eta sentimenduei leku gehiago egin behar zaie: "Notez eta antzeko gaiez hitz egiten da klaustroetan, baina irakasle bakoitzaren egoeraz eta ikasleekin dituen harremanez oso gutxi hitz egiten da. Edukiei sentimenduei eta harremanei baino askoz garrantzi handiagoa ematen zaie, eta hori aldatu behar da".

Jazarpen egoeren aurrean epairik ez egitea ere garrantzitsua da, erasotzaileak, erasotuak eta ikusleak, guztiak baitira kaltetuak eta errua botatzeak ez baitu arazoa konpontzen.

Elkarbizitza ahalik eta hobekien bideratzea da egin litekeen gauzarik onena. Bai ikastetxean, bai etxean, bai kalean, bai lantegian... Hainbestetan errepikatzen diren balioak eguneroko bizitzan praktikan jarri eta horien araberako jarrerak lehenetsi behar ditugu. Eta horretarako, gure artean hausnartu eta hitz egin behar dugu. Edonola ere, Avilesen iritziz elkarbizitza giroa hobetzeak ez dakar bullying kasuak desagertzea. "Bi gauza desberdin dira. Elkarbizitza hobetzea da diziplina arazoak, jarrera antisozialak, motibazio falta, interesik eza... konpontzea. Baina bullying-aren jatorria desberdina da eta horri aurre egiteko plan bereziak jarri behar dira ikastetxean".

Avilesek antbullying programa bat proposatzen du, eta hainbat pauta zehaztuta ditu. EILAS sindikatuak liburuxka batean bilduta argitaratu zuen, eta egun agortuta badago ere web orri honetan aurki daiteke: www.stee-eilas.org/lan_osasuna/gaiak/Bullying/BullyingEUSK.htm

Edonola ere, horrelako neurriak hartu aurretik ongi hausnartu behar dela dio. "Presaka jardutea txarra da. Ekin baino lehen hausnartu egin behar dugu. Ekintzak planifikatzeko denbora hartu behar dugu. Administrazioek, arduradun politikoek, hezkuntza arduradunek, profesionalek, familiek... lor dezagula gure zentroak seguruagoak izateaz gain sanoagoak izatea. Zeren hau ez da segurtasun arazoa soilik, baizik eta osasun arazoa: eskola osasuna, afektibitate osasuna, osasun emozionala".



Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolan gatazkei eta jazarpenei aurre egiten diete

Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolan 2002/03 ikasturtean hasi ziren bullying-a lantzen. Irakasle guztiaksentsibilizatuta eta erne egotea lortu dute, eta euren arteko etengabeko komunikazioa eta laguntza funtsezkoak direla badakite. Ikasleek, gurasoek, orientatzaileek eta irakasleek, denek hartzen dute parte arazoei irtenbidea bilatzeko orduan.



Ez ziren hasi bat-batean bullying-a lantzen, aurretik gatazkak konpontzeko programaketa bat esku artean zuten. Itziar Aldaz eta Txarete Ganboa orientatzaileak gatazka ugariren aurrean pausatzen ziren, eta horiek bideratzeko beharrak eta interesak bultzata heldu zioten gaiari. EHUko irakasle Ramon Alzaterekin harremanetan jarri ondoren, programa bat jarri zuten martxan. Bitartekari papera zein zen ikasi zuten, gatazkak nola bideratu, nola eseri, nola hitz egin... eta hor hartutako irizpideekin hasi ziren gatazkak bideratzen.

2002/03 ikasturtean Jose Maria Aviles artikulu bat irakurri zuten, eta bere tesiaren zein materialaren berri jakin zuten. Gatazken eta bullying-aren arteko lotura ikusita, gai horri heltzea erabaki zuten.



Urtez urteko prenbentzio lana

Azken urteotan hainbat kasuren aurrean aurkitu dira eta denen artean irtebideak bilatzen ahalegindu dira. Baina horrekin batera, prebentzio lanari ekin diote, hau da, prestatzeari. Atzera begira jarrita, zer egin duten ikus daiteke.



2002/03 ikasturtean:

- Material bilketa: aldizkari eta egunkarietako artikuluak

- Galdeketa: Lehen Hezkuntzako 3. zikloan eta Bigarren Hezkuntzan galdeketa anonimoa pasa zitzaien ikasleei tutoretza orduetan. Galderak horrelakoak ziren: zure gelan erasoak gertatzen al dira? Nolakoak? Irainak, agresio fisikoak...? Noizbait erasotua izan al zara? Nola sentitu zara? Zer iruditzen zaizu egin behar dela kasu horietan?

- Ateratako emaitzak tutoretza orduetan landu ziren.



2003/04 ikasturtean:

- Gurasoen iritzia jakiteko, DBHko bilera orokorretan Jose Maria Avilesek proposatzen duen galdeketa pasa zen.

- Orientatzaileetako batek formazioa jaso zuen Jose Maria Avilesekin.

- Bi formazio saio egin ziren klaustroan irakasleak prestatzeko. Lehen saioan galdeketa anonimo bat pasa zuten, biziki interesgarria.

- Ikasturte amaieran ikastolako aldizkarian gurasoentzako idatzi bat argitaratu zen gai honen inguruan.

2004/05 ikasturtean:

- Ikasturte honen hasieran, gaia pil-pilean zegoela ikusita, ikastolan egiten ari diren lanaz informatu dituzte gurasoak aldizkariaren bitartez.

- Klaustroko formazioarekin jarraituko dute. Denen artean adostu ondoren, idatzita eta ikastolako proiektu kurrikularrean sartuta utziko dute horrelako egoeratan zein pauso jarraitu behar diren.

- Gai honen inguruan guraso eskolak antolatuko dituzte.

-

Jarraitzen dituzten pautak

1.- Lehendabizi, eskaera jaso: kezkatuta dagoen ikasle batena lagunik ez daukalako edo iraindu egiten dutelako; kezkatuta dauden gurasoena eskolatik at koadrilan gertatzen denagatik; irakasle bat etortzen denean... Orientatzaileek eta irakasleek denei entzuten diete eta esaten dutena jaso egiten dute, inor epaitu gabe, baloraziorik egin gabe. Hori dena eserita egiten dute, garrantzia emanez.

2.- Informazioa jaso alde guztietatik. Horretarako, denekin biltzen dira, egoeran parte hartu duten guztiekin: irakasleekin, gurasoekin, ikasleekin... Beti, lehenengo, erasotzailearekin. Espero ez duen unean gelatik atera eta orientatzaileek berarekin hitz egiten dute, epaitu gabe: zer dakizu honetaz, badakigu norbait oso-oso gaizki pasatzen ari dela... Hasieran gehiegi ez dutela komentatzen diote orientatzaileek, baina ikusten dutenean ez dutela epaitzen eta badakitela zer gertatzen den, orduan hitz egiten hasten omen dira. Beraiei galdetzen diete zer egin daitekeen egoera aldatzeko, zerbait proposatzeko.

Erasotuarekin azkena elkartzen dira.

3.- Lehen mementotik portaera erasotzaileak debekatzen eta mozten dituzte. Baldin badakite irainak egon direla, erasotzailearekin elkartzen direnean, esaten diote ez dutela irainik onartzen. "Ez baduzue berarekin ibili nahi edo bere lagunak izan nahi, ados, baina ez egin minik, ez kendu gosaria...", esaten diote. Normalean errespetatzen dute, edo mugimenduak egoten dira, gurasoak ere kezkatuta egoten direlako eta etxean ere komentatzen dutelako.

4.- Irakasleei gertatzen dena gelan aipatzeko esaten diete, erasotzaileek jakin dezaten eurek badakitela zer gertatzen den. Horrek indarra kentzen die. Ordura arte inpunitate osoz egin duena ezin duela egin konturatzen da erasotzailea.

5.- Garrantzitsua da gurasoekin hitz egitea eta orientatzaileek edo irakasleek ez dutela epaitzen eta ez direla posizionatzen ikustea. Izan ere, hasieran seme-alabak defendatzen hasten dira, baina erasotzailea ere kaltetua dela ohartzean, konturatzen dira lagundu egin nahi zaiela.

6.- Gainbegiratu: irakasleak eta gurasoak informatuta mantentzen dira eta gainbegiratzeko esaten zaie. Erne egon daitezela, euren presentzia areagotu dezatela, ez poliziak bezala, baina bai egoerak kontrolatuz.

7.- Bidea markatu: jasotako informazio guztia aztertu ondoren, orientatzaileek arazo nola bidera daitekeen aztertzen dute. Kasu batzuetan erasotuak autoestimua igotzea beharko du, eta beste batzuetan erasotzailea izango dalaguntza behar duena.

8.- Jarraipena: erasotuak asko eskertzen du jarraipena egitea, zer moduz dagoen galdetzea...

9.- Gurasoei eta irakasleei aholkuak eman.



Irakasleen jarrera aldatu egin da

Ikastolako bi orientatzaileak beti egon dira gai honen inguruan sentsibilizatuta, baina orain, irakasle guztiak daude. Itziar Aldaz orientatzaileak dioenez, hasieratik erakutsi zuten irakasleek gai honen inguruko kezka. "Galdeketa egin genuenean, lehenbiziko galdera hau izan zen: zure ustez, erasoak, errespetu falta etaabar gai akademikoak baino garrantzitsuagoak dira, bai ala ez? Eta bigarren galdera: Horrek guztiak curriculumaren barruan egon beharko luke, bai ala ez? Denek baietz erantzun zuten, eta beraz, hor jarrera bat ikusten da".

Gainontzeko galderen erantzunak ikusita, konturatu ziren ordura arte ez zutela esku hartzen egoera horien aurrean ezjakintasunagatik eta ezintasunagatik. "Babesik gabe jokatzen zuten horrela" dioTxarete Ganboak. "Ez badakizu nola jokatu, ez duzu esku hartzen, gauzak okertzeko beldurrez. Neutralitatean mantentzen zara. Zentzu horretan, asko aurreratu dugu. Orain irakasleak beti erne daude eta gurasoak arazoren batekin etortzen baldin badira, jaso egiten dute eta bileretan komentatu. Bullying-a lantzen hasi ginenetik lasaiago, ziurrago sentitzen gara. Horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik; soilik, arazoak sortzen direnean badakigula nola jokatu denok bateratuta".

Batzuetan orientatzaileek bideratzen dute, eta beste batzuetan irakasleek. Mekanismoak eta pautak barneratuta dituzte guztiek.

Elkarren arteko komunikazioa funtsezkoa da

Formazioak eta pautak edukitzeak ziurtasuna ematen badu, zer esanik ez elkarrekin komunikatuta egoteak. Hori funtsezkoa dela diote orientatzaileek, eta zentzu horretan, ikastola txikia izatean zorte handia dutela aitortzen dute.

Ikastola honetan tutoretza saioei izugarrizko garrantzia eman diote betidanik. Bigarren Hezkuntzan aritzen da Itziar Aldaz eta astero biltzen da tutoreekin. "Balioak lantzen ditugu eta saioak prestatzen ditugu. Modu horretan, formazioa jasotzen dute eta sentsibilizatuta daude". Ikastola txikia denez, urtetik urtera tutoreak aldatu egiten dira, baina denak pasatzen dira tutore izatetik; beraz, denek jasotzen dute formazioa eta esperientzia. Horrez gain, hamabostean behin gela bakoitzetik pasatzen diren irakasle guztiekin biltzen da Aldaz ikasleei buruz, egoerei buruz edota gertatu den zerbaiti buruz hitz egiteko eta jarrerak adosteko. "Gauza asko lantzen dira eta komunikazio handia dago. Irakasleak ohituta daude euren artean gauzak komentatzen".

Haur eta Lehen Hezkuntzan Txarete Ganboak ez du hainbesteko jarraipena egiten. "Tutoreek ordu gehiago pasatzen dituzte haurrekin eta hartu-eman estuagoa dute. Horregatik, hamabostean behin biltzen naiz tutoreekin".



Zer aldaketa lortu dira?

Egindako lanaren ondoren, hainbat lorpen ikusten dituzte Aldazek eta Ganboak, eta garrantzitsuak direla diote, zalantzarik gabe.

Hasteko, bullying eta antzeko egoera guztiak jaso eta entzuten dituzte. Lehen batzuk bai, beste batzuk ez, ikastolan gertatzen zirenak bai, besteak ez... Orain denak jasotzen dituzte. Eta gainera, fundamentuz; hau da, hitzordua emanez eta eserita hitz eginez. Lehen horrelako komentarioak modu informalean egiten ziren eta orain askoz serioago hartzen dira.

Irakasleek eskertu egin dute formazio saioak ematea. Pauta batzuk ematea eskatu zuten, horrelako egoeren aurrean nola jokatu jakiteko.

Gelan gertatzen diren gauzek lotura dute kanpoan gertatzen denarekin. Horregatik, esku hartu beharra dagoela argi dute orientatzaile hauek. "Ez dugu guk esaten, adituek baizik" ziurtatzen dute. Euren asmoa arazoak bideratzea izan da beti. Eta hori bai, beti epaitu gabe, baloraziorik egin gabe. Dena dela, kasu batzuetan gurasoek edo ikasleek esan izan dute eskolatik kanpoko arazoa denez ikastetxeak ez duela sartu behar. Orientatzaileak ez daude ados horrekin. "Noski dela gure arazoa ere. Zeren gu ez gaude hemen Matematika, Historia edo Musika emateko soilik, giza trebetasunak erakuste ere bai".

Gurasoek laguntza eske jotzen dutenean, kolaboratzea eskatzen diete. "Zenbait mementotan gurasoek pauta argiak behar dituzte" dio Ganboak. "19 urte daramatzat lanean eta lehengo gurasoak eta oraingoak ez dira berdinak. Gauza batzuetan oso dinamikoak dira, aktiboak... ez dira guraso txarrak. Baina arauen aldetik oso kili-kolo ikusten ditut. Gaur egun haurrak oso preziatuak dira eta erraz uzten zaie. Gurasoak ez dira konturatzen jokaera horiekin haurrek fustraziorako ahalmen gero eta txikiagoa dutela. Eta gero, edozein arazoren aurrean, nola jokatu ez dakitela gelditzen dira. Hor gurasoek badute zer egina".

Oso garbi dute denen artean bideratu behar direla arazoak. Elkarri entzun egin behar zaio eta bakoitzak bere eskuetan dagoena egin, batera.

Hasieran erasotua zen pertsonarekin biltzen ziren batik bat. Autoestimua lantzeko, hobeto sentitzen laguntzeko, aurre egiten ikasteko... Baina urte hauetako esperientziaren ondoren, besteekin ere egon behar dutela ikasi dute. "Betiere erasotuaren baimenarekin. Lehenengo erasotzailearekin hitz egiten dugu. Eta noski, baita ikusleekin ere. Askok gaizki pasatzen dute eta hitz egiten hasiz gero, berehala konturatzen dira zerbait egin beharra dagoela" azaltzen du Aldazek.

Noski, horretarako isiltasunaren legea hautsi beharra dago. "Ikasleek ez dute salatari izan nahi, hori oso gaizki ikusia dago" dio Ganboak. "Baina bi egoera desberdin bereizten jakin behar da. Bata da aldamenekoak zerbait gaizki egin duenean irakasleari esatea, eta hori ez egiten irakatsi behar zaie. Baita taldeko sekretuak ez kontatzen ere. Baina beste gauza bat da eskubide zapalketa bat egotea, eta horrelakoetan ezin dute isildu".

Ikastolako antolaketaren elementu positibotzat hartzen dute adin guztietako ikasleak eraikin berean egotea. Andra Mari ikastolaren kasuan, Haur Hezkuntzako eta DBHko ikasleak eraikin berean daude. "Hasieran beldurra ematen zigun bezala, orain ziurtasuna ematen digu" aitortzen dute biek. "Handiek ez dituzte hainbeste gehiegikeria egiten txikien aurrean, eredu sentitzen baitira. Irakasleek ere txikiak babesteko jarrera dute eta erneago daude".



Irakasleentzako aholkuak

- Erne egon eta moztu.

- Koordinazio lana: informazioa trukatu.

- Gainbegiratu

- Serio hartu eskaerak. Ez esan "haurren kontuak dira", "jolasten ari dira" eta horrelakoak. Jolasten ari direnean ondo pasatzen dute, baina norbait sufritzen ari baldin bada edo gaizki sentitu bada, hor ez dago jolasik. Hor muga bat dago. Eta orduan, egoera aldatzeko zer egin daitekeen pentsatu behar da.



Gurasoentzako aholkuak

- Ez hitz egin gaizki beste haurretaz.

- Talde desberdinekin ibiltzen erakutsi seme-alabei, ez beti lagun berberekin. Sarritan entzuten da "gure koadrilakoa baldin bazara, ezin duzu horiekin ibili. Eta ibiltzen bazara, ez zara gure laguna". Guraso batzuek ongi ikusten dute, eta ez dira konturatzen beraiek ez dutela kafea beti berdinekin hartzen. Gauza bat da taldeari leiala izatea edo gaizki esaka ibiltzea. Baina beste bat besteekin ezin dela ibili esatea.

- Balioen transmisioa, errespetua.

- Komunikazioa mantentzea. Erasotzaileek ez dute ezer kontatzen, eta gurasoek oso gaizki pasatzen dute, azkenak izaten direlako zer gertatzen den jakiteaz.

-

Ikasle erasotuarentzako aholkuak

- Esan ez sentitzeko errudun esaten dizkiotenagatik.

- Esan ez identifikatzeko esaten dioten guztiarekin.

- Irainari halago bat bezala erantzun.

- Tutorearekin hitz egin.

- Inoiz ez erantzun beste irain batekin.

Wednesday, November 15, 2006

Wednesday, November 01, 2006

BULLYNG

Aukeratu dudan gaia bullyng-a da. Gai hau aukeratu dut, nire ustez, gaur eguneko arazo bat delako eta hezkuntzarekin nabarmenki lotuta dagoelako. Azken urteotan bullyng-a gero eta gehiago zabaltzen ari da eta kasuak gero eta ugariagoak dira. Nire ustez irakasleak parte oso garrantzitsu bat dira bullyng-aren arazoarekin amaitzeko; baina gurasoak ere zeregin handia daukate arazo honetan. Askotan umeak etxean egiten dituzten gauzak, edo gurasoak baimentzen dizkieten gauzak, gero eskolan egiten dituzte. Horregaitik pentsatzen dut etxean hezkuntza on bat eman behar dietela, etxean jasotakoa gero eskolan islatzen delako. Dena den arazo hau ondo ulertzeko sakonago aztertu behar da, eta hori izango da gure helburua.
NIRE AURKEZPENA

Nire izena Laura Gonzalez da, 21 urte ditut eta Bilboko Magisteritza unibertsitatean Lehen Hezkuntzako 3.maila ikasten ari naiz. Ikasketa hauek burutzea erabaki dut umeak gustoko ditudalako eta baita hezkuntzarekin zerikusia duten arloak interesgarriak direla pentsatzen dudalako. Gainera umeen garapenean parte hartzea eta haien etorkizunerako prestatzen laguntzea, oso garrantzitsua iruditzen zait.Amaitzeko esan nahi dudana zera da: ikasketa hauek nire formakuntza osatzen lagundu didatela eta umeen mundua hobeto ezagutzeko eta ulertzeko eskubidea eman didatela.