iñigo bilbao - BILBO
Edurne Uranga adingabeen epailea da Gipuzkoako Auzitegian. Bullying gaietan badu eskarmenturik, aspaldion Euskal Herriko eskoletan gertatu direnen artean kasurik entzutetsuenetakoan buru-belarri sartuta egon delako.
Eskolako ika-mikak auzitegian konpondu nahi izateak badu zentzurik?
Nire ustez, auzi horiei guztiei eskolak berak eman behar die erantzuna. Zuzenbide Penalak azken aukera izan behar du, orain artean izan den bezalaxe. Ikasgelan jazotakoa larria bada, delitua bada, orduan jo beharko da auzitegira. Baina gainontzeko kasuetan zentzuzkoena horixe da, arazoak ikastetxean bertan konpontzea. Familiaren laguntzarekin betiere, jakina.
Legediak jasotzen al ditu eskola jazarpenari aurre egiteko neurriak?
Adingabeen erantzukizun penalari buruzko legeak, ez. Horrek egiten duena da adingabeen erantzukizuna neurtu, baldin eta haietako batek Kode Zibilean zigortzen den delitu edo faltaren bat egin badu. Eta Kode Zibilean, ordea, aipatzen da: eskola jazarpena edo bullying-a osotasun moralaren kontrako delitu modura jasota dago.
Egunkarietako titularrek zein neurritan baldintzatu dute legea eta haren betearaztea?
Azken boladan, batez ere azken hilabeteotan, egia da komunikabideek eragin handia izan dutela legeari egin zaizkion zuzenketetan. Aipatzekoa da hainbat aldaketa benetako oinarririk gabe egin dela, edo gutxienez egiaztatutako oinarririk gabe. Zer esan nahi dut horrekin? Inoiz gerta daitezkeen kasu larriak ezin direla oinarritzat hartu, ondo dakigu-eta horiek salbuespenak direla. Zigorrak gogortu dira, eta gizarteari ematen zaion mezua da adingabeak direla gaur egun basakeriarik handienen erantzuleak. Eta hori ez da egia. Estatistika datuak argigarriak dira horretan. Ez da egia adingabeek eragindako kasu larriak areagotu edo gehitu direnik. Larria da gertatu dena. Adingabeen Erantzukizun Penalaren Legeari egin zaizkion aldaketak gogortzeko eginak betiere, egunkarietako titularrek eraginda egin dira, herritarrengan sortu duten alarma handia izan delako.
Egindakoaren larritasunaz oso ondo jabetzen ez den hamalu urteko gaztetxoa giltzapetzeak zerbaitetarako balio du?
Gazteak heziketa zentrora bidaltzeko erabakia hartu aurretik oso kontuan hartzen da gazte bakoitzaren egoera. Gerta daiteke 14 urteko gazte baten kasuan egokiena zentro batean giltzaperatzea izatea. Zergatik? Gainerako baliabide guztiek huts egin diotelako. Huts egin dio familiak, huts egin dio eskolak edo ez dago eskolatuta, edo bizi den lekuan ez dago lagunduko duen gizarte baliabide nahikorik. Baliabide horiek guztiak erantzuteko gai badira, egon seguru gaztea ez dutela zentroan itxiko. Azken aukera izaten da hori. Baina gainontzeko guztiek huts egiten badute, eta adingabeak egin duena larria bada benetan, giltzapetzea izan daiteke aukerarik zentzuzkoena.
Kasu batzuek eragin duten alarmaren ondorioz, guraso askok polizia etxera edo Fiskaltzara jotzen hasi omen dira edozer salatzeko. Egia da?
Kasu honetan ere ez dut uste esan daitekeenik hori jende askok egin duenik. Eskoletan gertatzen diren jazarpen kasuen inguruan eztabaida izan den neurrian, salaketa egitera ausartu direnak badira. Baina ez da egia jendea zentzurik gabe salaketak ipini eta ipini dabilela. Arinago baziren salatzen ez ziren portaerak, gaur nabarmendu eta salatzen direnak izatez larriak direlako.
Auzitegia leku egokia da horiek guztiak konpontzeko?
Legeak erantzuna ematen die adingabeek sortutako arazoei. Horretarako dago. Hori bai, arinago esan dudan moduan, zentzuzkoena ikasgelan jazotakoak ikasgelan bertan konpontzea litzateke, auzitegira jo ordez. Baina adingabeak egin duena larria bada eta auzipetu behar bada, legeak erantzun egokia emango dio. Hemen, EAEn, behintzat, izan ditugun kasu guztiei erantzuteko gai izan gara.
Badu zentzurik bullyng kasuetan ikastetxeei erantzukizun zibilak eskatu nahi izateak?
Ez dut uste egokia denik horrela egitea. Horrek giroa gaiztotu besterik ez duelako egiten. Bakoitzak berari dagokion eremuan erantzun behar dio arazoari. Ez dut uste egokia denik ikastetxeen kontra erantzukizun zibilak eskatzen ibiltzea. Kasuak banan-banan aztertu beharko lirateke, ikusteko ea benetan eskola arduradunen aldetik utzikeria egon den edo ez, eta, ondorioz, erantzukizunik eskatzerik badagoen zehazteko.
Egokiena arazoa eskolan bertan konpontzea litzateke, eskolan bertan halako egoerei aurre egiteko behar beste baliabide badutelako.
Saturday, January 20, 2007
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment