Arauak hausten dituzten gaztetxoak nola bidera daitezkeen aztertzen ari dira Bilbon asier iturriagaetxebarria - BILBO
Arauak hausten dituzten nerabeekin nola lan egin daitekeen eta lan horretan mugarik ote dagoen aztertzeko, jardunaldiak hasi zituzten atzo Bilboko Euskalduna jauregian. Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, ostirala arte Euskal Herriko eta kanpoko hainbat adituk arazoak sortzen dituzten nerabeen ezaugarriak ematen ahaleginduko dira, eta, aldi berean, esku hartzeko programak aurkeztu eta aztertuko dituzte. Atzo goizean egindako saioan, esku hartzeko aukerak egon badaudela baieztatu zuten, eta ahal dela lan hori Justiziaren ikuspegitik kanpo egitea komenigarriagoa dela azpimarratu zuten.
Jaume Funes, Kataluniako Arartekoaren Umeen Eskubideen Defendatzailearen albokoa izateaz gainera, psikologoa eta hezitzailea da. Funesek urte askoko eskarmentua dauka arauak hausten dituzten nerabeekin. Azpimarratu zuenez, helduen zigor sistema ezin da erabili arauak hausten dituz-ten nerabeekin, horrek beren egoera okertzen baitu. «Nerabeen eta gazteen inguruko zigor kodea aldatuko dutela entzu-ten ari naiz, eta zigorra jasotzeko gutxieneko adina 13 urtera jaitsi nahi dutela. Hori egitea astakeria galanta izango litzateke».
Justizia sistemaren zigorrak ezartzea baino hobea iritzi dio heldu batek edo hezitzaile batek bitartekari lanak egiteari. «Justizia sistema sartzeak egoera gaiztotzen du, konpondu baino gehiago». Hori frogatzeko Kataluniako datuak eman zituen: delituren bat egiteagatik zentro itxietan dauden edo izan diren gazteen %81ek berriro egiten dute delituren bat; helduren batek bitartekari lana egiten duen kasuetan, ordea, delitua berriz egiten duten gazteak %12 baino ez dira. «Delituren bat egin duen gazteari egindako kaltearen araberako zigorra ezartzeak kezkatzen du gizartea, eta horrek kezkatu egiten nau. Hori ez da delituak egiten dituzten gazteak gizarteratzeko bide egokia. Justizia sistema tartean sartu gabe ere konpon daitezke arazo horiek».
Etorkin nerabeen arazoa
Nerabeak ulertzeko modu onena haiei entzutea dela nabarmendu zuen, eta helduen ikuspegitik nerabezaroa garai zaila beti izan dela gogorarazi zuen. Era berean, gaur egungo nerabeak eta orain dela urte batzuetakoak berdinak direla zehaztu zuen. «Nerabeak inguruan daukatenaren araberakoak izaten dira, eta gaurko ingurumaria eta orain dela 10 urtekoa, adibidez, ez dira berdinak».
Hain zuzen, helduek nerabeei entzuten ez dakitela esan zuen, eta ulertzen ez dietenez azkenean gizartean «beldurrak eta ikara moralak» sortzen direla. «Nerabezaroak zertarako balio duen jakin gabe gaude oraindik; definitu gabe jarraitzen dugu. Azkenean, gizarteak beldurrez begiratzen dio adin tarte horri. Baina badago berrikuntza bat: nerabeen jarreren atzean jokabide etikorik ez dagoela konturatzen ari gara, eta ikara sortzen digu». Ikara hori helduek nerabeen arazoei erantzuten ez jakiteagatik sortzen dela nabarmendu zuen. «Baina haien arrazoiak entzungo bagenitu, gauza asko ulertuko genituzke».
Nerabeek arauak hausten dituzten espazioei erreparatzea interesgarria dela esan zuen Funesek. Nabarmendu zuenez, eskola oso leku garrantzitsua da nerabeentzat, beste nerabe batzuekin batera bizi direlako eta, imitazioan oinarritzen direnez, apurka-apurka beren identitatea osatzen joaten direlako. Hala, eskolan izaten diren arau hausteak bullying-era ez mugatzeko eskatu zuen, «hori baino askoz zabalagoa delako».Gizarte modernoetan azken urteetan sortu den arazo bati erreparatu zion Funesek: etorkin nerabeekin izaten direnekin. Hainbat herritan arazoak sortu dira, inork ez duelako nahi bere etxe ondoan etorkin nerabeak hartuko dituen zentrorik. Bizkaiko Diputazioa zentro bat egitekoa zen Erandion; baina, auzotarren protestak eraginda, hasierako asmoa baztertu behar izan du. Gizarteak nerabezaroari oro har dion beldurrarekin lotu zuen fenomeno hori. Hala ere, etorkin nerabeek sortzen dituzten arazoak berriak direla aitortu zuen. «Etorkin nerabeek pentsatzen dute ez direla inoiz izango parte hartzen duten gizarteko kideak. Atzean helduren bat edo zerbait ez daukan etorkin nerabeak delituak berriro egiteko askoz joera handiagoa izango du». Hala, arazoa konpontzeko biderik egokiena gizarteak babesa ematea dela azpimarratu zuen.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment