Saturday, January 20, 2007

BULLYING-ARI AURRE HARTZEKO KANPAINA ABIAN JARRI DA NAFARROAN

Otsailetik 82 kontsulta jaso ditu Hezkuntza Sailak 'bullying'-ari buruz, gehienak DBHkoak edurne elizondo - IRUÑEA
Bullying-ari buruzko informazio kanpaina abian jarri du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailak. Irakasleentzat, ikasleentzat eta gurasoentzat propio prestatutako eskuorriak banatuko ditu. Komunikabideen eta kartelen bidez ere zabalduko du informazioa. Bullying, ireki itzazu begiak lelopean, ikasleek ikastetxeetan jasaten duten jazarpenari aurrea hartu, eta dauden kasuak identifikatzen laguntzea da helburua.
2002. urtean azterketa egin zuen Nafarroako Gobernuak bullying-ari buruz: ikasleen % 3k pairatzen zuten. «Beste erkidegoetako batez bestekoaren azpitik gaude», azpimarratu zuen Hezkuntza Saileko Eskola Ikasketen Zerbitzuko buru Fermin Villanuevak atzo. Egindako ikerketa horren harira, ikasleei, ikastetxeetako arduradunei eta gurasoei zuzendutako telefono zenbakia eta helbide elektronikoa jarri zituen abian Hezkuntza Sailak, bai eta aholkularitza lanerako bulego bat ere. Medio horien bidez, 82 kontsulta jaso ditu Nafarroako Gobernuak bullying-ari buruz. Kontsulta gehienak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleen ingurukoak izan dira. Villanuevak zehaztu zuen ziklo horretako bigarren mailatik hirugarrenerako jauzian gertatzen direla kasu gehienak. Otsailaren 7tik daude abian bullying-ari buruzko informazioa jasotzeko eta zabaltzeko medioak: 900 84 15 51 telefonoa eta convive. Jasotako 82 kontsultetatik hamarretan kasuaren jarraipen zehatza egiten ari da Hezkuntza Saila. Bi kasutan osasun etxeak eman dio Nafarroako Gobernuari bullying-aren berri.
Hamar ikastetxetan plan bat abian
Villanuevak azaldu zuenez, informazio kanpainaz gain, bestelako ekimen batzuk ere jarri dira abian. Hamar ikastetxe publiko eta pribatutan ikasturtea hasi zenetik «ikasleen arteko bizikidetzaren aldeko plana» dago martxan. Emaitzen arabera, egitasmoa ikastetxe guztietara zabalduko da.
Bullying-ari buruzko kanpaina egin, eta ikastetxeetan martxan jarritako neurrien eraginkortasuna zehaztu ondoren, ikastetxeen egoera ezagutzeko beste azterketa bat egiteko asmoa du Nafarroako Gobernuak. Villanuevak, halaber, neurri juridikoen beharra nabarmendu zuen, eta, ildo horretan, auziari buruzko foru agindua egiteko asmoa agertu zuen.

No comments: