Saturday, January 20, 2007

ARARTEKOAK DIO ESKOLAETAN BIZIKIDETZA ARAZOAK BADAUDELA, BAINA EZ LARRIAK

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako giroa aztertu du Lamarcak, ezohiko txosten batean

estitxu ugarte

Gasteiz

«Orokorrean ikastetxeetan ez dago kezkatzeko arrazoirik, baina diziplina ezarekin lotutako arazo larriak nahiko zabalduta daude». Euskal Autonomia Erkidegoko ararteko Iñigo Lamarcaren esanetan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan ikasleen, irakasleen eta familien artean dagoen giroa ona da, baina hainbat arazori behar bezala heldu behar zaie bizikidetza hobetzeko.

Atzemandako arazo nagusiak gehienbat irakasleen autoritatea ukatzearekin lotuta daude, eta ez horrenbeste ikasleen edo irakasleen kontrako jazarpenarekin. «Tratu txarren egoerari dagokionez, ez dirudi arazoak beste erkidegoetan baino eragin handiagoa duenik hemen. Horrek, ordea, ez dio inolako garrantzirik kentzen arazoari», azaldu du Lamarcak.


'BULLYNG'-AZ HARATAGO. Bizikidetza eta gatazkak ikastetxeetan ezohiko txostenean jaso ditu arartekoak halako ondorioak. Atzo aurkeztu zuen txostena Lamarcak, eta, azpimarratu zuenez, ez da soilik bullying-ari buruzko azterketa, baizik eta ikastetxeetako giroa orokorrean aztertzeko saioa eta arazoei aurre egiteko gomendioen bilketa. Txostenaren elementu nagusia joan den ikasturtean EAEko DBHko 80 eskoletan garaturiko ikerketek osatzen dute. Horretarako, 2. mailako 1.707 ikaslek, 4. mailako 1.616 ikaslek, 2.782 familiak, 1.257 irakaslek eta 80 zuzendarik eginiko elkarrizketak erabili dituzte.

Ikerketaren ostean jasotako daturik deigarriena da ikastetxeetako indarkeriaren inguruan gizarteak agertzen duen kezkak eta hedabideetan zenbaitetan agertzen diren albisteek ez dutela bat egiten ikasleek, irakasleek eta familiek beren eskoletako giroari buruz duten irudipenarekin.

Izan ere, txostenean ageri denez, «guztiek uste dute ikastetxeetan dagoen bizikidetza giroa positiboa dela. Hala, ikasleen %92k esan dute ikastetxean oso gustura daudela eta lagun asko dituztela. Era berean, familien %93,4 oso pozik daude semea edo alaba dagoen ikastetxearekin.

Giro onak, baina, alde kezkagarriak ezkutatzen ditu. Batetik, irakasleen eta familien arteko banaketa aipatzen du txostenak. Alegia, irakasleen eta ikasleen arteko harremanari buruz oso ikuspegi idilikoa dute familiek. Aldiz, ikastetxeetako diziplina arazoen edo indarkeriaren arrazoia familiak permisiboegiak izatea dela uste dute irakasleek.

Halaber, zenbait jokabide normaltzat hartzen dira, eta horrek zalantzan jartzen ditu bizikidetzaren hainbat balio. «Gelako martxa etetea eta halako diziplina akatsak sarritan gertatzen dira, eta irakaslearen egonezinaren arrazoi nagusietarikoa dira», esan zuen Lamarcak.

Eskoletako giroa nahasten duen beste faktore bat aipatu zuen arartekoak. Hain zuzen, irakasleen desmoralizazioa eta gogo falta. «Irakasle gehienek gainezka egiten dutela sentitzen dute, alde batera utzita daudela, bitarteko nahikorik ez dutela, eta oso kritikoak dira Administrazioarekin».

Azkenik, tratu txarren biktima direnen bakardadea eta mina nabarmendu zituen Lamarcak. Egoera horri aurre egiteko, gainera, hainbat gomendio egin ditu txostenean. Biktimari laguntza eta babesa bermatzea eta haren familiarekin harreman estua izatea ezinbestekotzat jotzen du. Halaber, erasotzaileei eta haien familiei segituan ohartarazi behar zaie jazarpenak ez duela tokirik. Bestetik, halako kasuak ezagutarazteko bideak eskaini behar zaizkie ikasleei. Eta, azkenik, halako kasuak ikertzeko eta zigortzeko prozesuaren gaineko jarraipen zorrotza egin behar da, atzerapenik gabe.


«Irakasle gehienek gainezka egiten dutela sentitzen dute, alde batera utzita daudela, bitartekorik gabe»

«Gelaren martxa etetea eta halako diziplina akatsak sarritan gertatzen dira ikastetxeetan»

iñigo lamarca

eae-ko arartekoa


arartekoaren gomendioak

Arartekoak, ikastetxeetan bizikidetza hobetzeko, gomendioak egin ditu. Hezkuntza sistema osoarentzat dira, baita eskolako parte ez diren baina horretan eragina duten beste gizarte eragileentzat ere.


Hezkuntza Administrazioari

Bizikidetza hobetzeko programak zabaldu. Ikastetxeen parte hartzea lagundu, eta programen jarraipena egin.

Bizikidetza planak garatzeko laguntzak handitu. Baliabideak, aholkularitza, eta prestakuntza hobetu behar dira.

Bereizketa ekidin. Arazoak dituzten ikastetxeei baliabide gehiago zuzendu.

Arauak berraztertu eta osatu. Ikasleen eskubideen eta betebeharren dekretua aldatu behar da.

Jazarpen egoera larriak ekidin. Bortizkeria kasuak atzemateko eta aurre egiteko protokoloak berraztertu eta zuzendu.


Ikastetxeei

Bizikidetza hobetu eta tratu txarrak ekidin. Ikastetxeek benetako konpromisoak hartu behar dituzte ildo horretan.

Ikasleen inplikazioa. Gatazkak bideratzeko ikasleen parte-hartzea bultzatu.

Banakako tutoretzak. Ikastetxe guztietan halako tutoretzak zabaldu.

Gizarte trebetasunak landu. Emozioak kudeatzeko trebetasunak taldeko tutoretzan landu.

Egonkortasuna. Ikasle talde bakoitzean dauden tutoreak egonkortu.

Kanpoko jarduerak ikuskatu. Jantokian, autobusean edo jolasaldian hezkuntza irizpideak ezarri.

Bizikidetza batzordeak sortu. Sektore guztien parte-hartzea bilatu.

Bizikidetza curriculumean txertatu.

Bizikidetza arauak. Ikasleen, irakasleen eta familien artean onartu eta ezarri.

Diziplinarik eza. Arazo larriena izanik, eskolan oinarrizko arauak argi eta garbi ezarri behar dira, eta ikasteko eskubidea bermatu behar da.


Bestelako gizarte eragileei

Judizializazioaren inguruan. Auzitara jo aurretik alternatiba guztiak agortu behar dira. Epaitegien esku dauden kasuen inguruko jarraipena egin behar da. Ikasleen babesa bermatu behar da.

Hedabideen tratamendua. Adingabeen eskubideak babestu.

Elkarlana bultzatu. Ikastetxeetatik kanpo lanean ari diren bestelako eragileekin lan komuna egin behar da; alegia, hezitzaileekin, gizarte laguntzaileekin...

No comments: