Wednesday, January 17, 2007

Behetik gora

Neska eta mutilen arteko biolentzia egoerak identifikatzen jakiteko eta soluzio egokiak eman ahal izateko liburuxka argitaratu du Emaisia elkarteak. Arazo motak batu eta eurak konpontzeko aholku sorta prestatu dute ‘Xake Mate’ bildumako bigarren esku liburu horretan. Argitalpena hezitzaile eta begiraleen artean banatu dute.

‘Aisialdian biolentziari aurre egiteko aholku sorta’ dauka izena Emaisia elkarteak argitaratutako esku liburua. Zabalbide kaleko elkarte horren bigarren liburuxka da, iaz sexismoa gai nagusitzat hartuta antzeko argitalpen bat plazaratu zuen eta. Orduko hura bezalaxe, aurtengoa ere Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Urtxintxa eskolaren laguntzaz kaleratu du Emaisiak. Gaztetxoak olgetan eta, orokorrean, aisialdian modu jakin batez portatu izaten dira. Harreman horietan neska-mutilak genero identitateaz, estereotipoz eta rolez markaturik agertu izaten dira. Lagun taldearen presioa handia izaten da eta, ondorioz, batzuetan neska eta mutilen artean bazterkeria eta indarkeria egoerak gertatzen dira. “Sarritan -idatzi dute liburuxkaren egileek- harremanetarako gure ereduak erasokorrak eta baztertzaileak direlako”. ADIERAZPENAKNeska mutilen arteko indarkeria modu askotan agertzen da. Era asko dagoz berau agerian uzteko: keinuak, kolpeak, irainak, zemaiak, lagunen bat gutxiestea, lotsaraztea, … Jakina horiek denek eragin arteza daukate erasoa jasandako pertsonarengan, “euren gorputzetan, mundua aditzeko eran, sexualitatean, euren buruaz daukaten irudian, duintasunean…”, zehaztu dute Emaisiakoek. Egon gatazka bat dago eta biolentzia darabilena be beldur da, bestearengan mehatxua ikusten ei du, diferentea delako, desberdin pentsatzen duelako, … “Gatazkaren aurrean errespetua, komunikazioa eta eztabaidaren bitartez konponbidea bilatu barik, bestea gutxietsi eta isilarazten du”, argitu dute. Indarkeria horrez bere nagusitasuna agerian laga gura du, bere iritzia eta ikuspuntua gainetik jarrita. Liburuxkak gomendio orokorrak ematen dizkie hezitzaile eta begiraleei. Alde batetik, jolasetan lehiaketetako irabazleak harrotu barik neska-mutil bakoitzaren egoera eta izaera kontuan hartuta bere ahalegina baloratzeko gomendatzen dute. Bestetik, diferentziak arazo iturri barik aberastasun gisa ikusteko gonbitea egiten dute, baita gaztetxoen arteko hierarkiak, menderapen eta menpetasun harremanak ez onartzeko. Eskuliburuaren zati handi batek bortizkeriaren adierazpenak azaltzen ditu. Irainetatik hasita -tontoa, kapulloa, tentela, …-, berba sexistak -putaseme, marikoi, …-, eraso psikikoak -zurrumurruak, baten gainean txarto esatea, …-, min fisiko egitea, homofobia -maritxu, mari-mutil, …- genero eta kultur bazterketa, bullying, biolentzia sexual edo sexista, … Atal bakoitza zehazki azalduta dakar liburuak eta irtenbide bana ematen du. Horrez gain, liburuak hiru sail gehiago dauzka biolentzia gure gizartean zertan den hausnartzeko, erasotzaileak, erasoa jasan dutenak eta ‘ikusleak’ aztertzeko eta, azkenik, aisialdian bortizkeria kasuei aurre egiteko aholkuak emanez. BIGARREN LANAEmaisia elkartea 1997an sortu zen. Urtxintxa begirale eskolatik igarotako 70en bat emakume batu ziren proiektuan eta, harrez gero, hainbeste gauza egin dituzte, beti ere hezkidetzari begira. Ikastaroak, argitalpenak, … Liburuxken kasuan, Xake Mate sortak bi dauzka dagoeneko. Lehenengo iaz plazaratu zuten, esan legez, sexismoari aurre egiteko asmoz. 1.500 ale banatu zituzten orduan begirale eta hezitzaileen artean. Argitalpen hari segida eman diote uda honetan biolentziaren gaineko esku liburu berri horrekin. Izan ere, sorta horretako liburuxka biak euskara hutsez daude. Ez daukate erdarazko itzulpenik. Liburua inteneten dago doan eskuratzeko moduan pdf formatuan. Hona hemen helbidea: www.urtxintxaeskola.org Bertan argitalpenen atalera jotzea besterik ez dago.

No comments: