Saturday, January 20, 2007

BAKARRIKA AL DAUDE HAURRAK?

Xabier Barandiaran
Komunikazio teknologia berrien eraginpean eraikitzen ari den XXI. mende hasierako gizarteak inoiz baino aukera gehiago eskaintzen ditu gizakion arteko harremanetarako. Urrutiko lurraldeak gerturatu zaizkigu; inoiz helduko ez ginatekeen lurraldeetako pertsonekin elkarrizketatu gintezke. Garai hauetan sekula baino abiadura handiagoz garatu liteke pertsonen arteko komunikazioa; are gehiago, komunikatzeko ereduak ere biderkatu egin dira. Baina XXI. mendeko homo videns askea, aske baino babes gutxiagorekin ageri da; merkatura itsatsia baina sarerik gabeko jauzian.
Merkatu ekonomikoaren logikak hartutako mendebaldeko garapen ereduak kontsumoaren menpeagoko egin gaitu; ongizatearen segurtasunak indibidualismoa eta gizarte pluraltasuna nagusi bilakatu ditu. Askatasunaren txanponak, alde baikor ugari dituen moduan, ezkorrak ere erakusten ditu: gizartearen eta gizarte sareen, erakundeen, gizarte kapitalaren ahultzea. Askatasun handiago baina babes gutxiago. Non dago oreka? Askatasuna modu baikorrean baloratzea ezinbestekoa da. Baina, gizakia babesik gabe edota soilik merkatuaren babesera bilduta uzten duen gizarteak hausnarketa egin beharra dauka.
Atzo Eusko Jaurlaritzak eman zituen datuen arabera, lehen hezkuntzako 20 ikasletatik batek Bullying-a jasaten du. Datu ikaragarria iruditzen zait; horrelako zerbait gertatzen denean, gainera, %14k ez dute inorekin komentatzen. Non da gizarte sarea (familia, lagunartea, eskola, kalea e.a.) gizaki hori babesteko? Bullying-aren arazoak argi gorria piztu du Europako gizartean, baina oinarrian dagoen arazoa zabalagoa da: gizartearen eraikuntza ziurtatzen duten kontrol mekanismoak ahultzen direnean gertatzen diren ondorioak. Gizakiaren askatasuna zapuzten duen gizartea gorrotagarria zait, baina gizakia babesik gabe uzten duen gizarteak ez nau erakartzen. Haurrek gizarteratzeko sare sendoak behar dituzte; sare horietan arazo gehiegi ageri dira. Lan mundua eta etxea eramangarriagoak egingo dituen sisteman pentsatzea bezain garrantzizkoa iruditzen zait gizarte sareetan garatzen den gizarte kapitalari balioa ematea. Haur gehiegik dihardute gurasoak gutxiegi ikusten, komunikabideen gehiegizko dependentzian, kaleko edo auzoko jolas sareetatik kanpo. Kalearen egoera ere azken urte hauetan asko aldatu da; kalea hutsik geratzen ari da. Urte batzuetan kalea, kaleko jolasa, elkarte ezberdinen bidez saretzen zen kalea, eskola ona izan da haurrarentzat. Kale eredu horrek bizitza galdu egin du azken urteetan. Egoera honekin batera hezkuntza sistemari zama handia etorri zaio gainera. Haurren heziketa eskolaren baitan bakarrik geratzen bada, arazoa larriagotzeko baldintzak sortzen ari gara.Bizi garen gizartean arazoak konponbide errazik ez du. Baina, pixkanaka bada ere, kontzientziazio neurri batzuk hartzen hastea behar-beharrezkoa dirudi. Arazoa serioa delako.

No comments: