Zigortutako gazteen gurasoek salatu dutenez, publiko egin gabeko eta guraso bakar batek idatzitako testuan oinarritu dute epaileek zigorra agurtzane solaberrieta - DONOSTIA
Oso haserre eta oso kezkatuta. Hala daude zigortutako zortzi gazteen gurasoak. Euren ustez, prozesu osoa, hasiera-hasieratik, «oso bidegabea» izan da. Eta euren seme-alabak zigortzeko azpijokoa izan dela diote. Hitz horiekin laburbildu du prozesu osoa Berriarekin hitz egin duen guraso batek. Oso minduta hitz egin du. Haserre. Ez du izenik eman nahi.
«Guk oso garbi dugu hau dena ez zela gertatuko Jokinen osaba El País egunkariko zuzendaria izan ez balitz». Guraso horrek garbi dio beren seme-alabak aspaldi epaitu zituztela eta errudun izendatu zituztela hainbat herritarrek, zenbait komunikabidek... «Zuritu egin nahi izan dira zuzendutako lintxamendu mediatiko batek aldez aurretik ezarrita zeuden zigorrak». Gainera, eskola jazarpenarekin lotutako lehen epaia izateak ere eragina izan duela dio, horrek oihartzun mediatiko «izugarria» duelako. «Hau guztia hasi zenean guztiak hasi ziren bullying-a ri buruz hitz egiten. Erreportaje ugari egin dira, telesailetan landu da gaia...».Euren seme-alabek Jokinen kontra egin zutela eta gaizki jokatu zutela onartzen dute. Batez ere udalekuetan izandako liskarren ondotik egin zutela haren kontra azaldu du. Seme-alabek ere hori bera aitortu zioten Ertzaintzari. «Eta sententziak ere hala dio: hiru egunetan egin zutela Jokinen kontra. Hori da frogatu den gauza bakarra. Hori bullying-a al da?». Isekak, bultzadak edota kolpeen ordez, muturrekoak, torturak, tratu txarrak edota jazarpena moduko hitzak erabiltzea gehiegi iruditzen zaio. «Baieztapen faltsuak» egin direla dio. Donostiako Adingabeen Epaitegiak kaleratutako lehen epaia bera ere «gehiegizkotzat» jo zuten. 18 hilabeteko zaintzapeko askatasuna ezarri zien akusatutako zortzi gazteei, Jokin Zeberioren osotasun moralaren kontrako delitua egiteagatik. «Zaplazteko eta bultzada batzuk emateagatik hori bada zigorra...». Jokin Zeberioren gurasoek Adingabeen Epaitegiak kaleratutako epaiaren aurka helegitea aurkeztu zuten Gipuzkoako Probintzia Auzitegian. Auzitegi horrek helegitea aintzat hartu eta nabarmen gogortu zituen zigorrak: zortzi ikaskideetatik zazpik urtebete gazteentzako zentro batean pasatzea eta beste urtea zaintzapeko askatasunean pasatzea erabaki zuen. Gurasoak ez du sorpresaz hartu epaia, euren esanetan, aspaldi baitzegoen idatzita. «Egin ez ditugun adierazpenetan eta gezurretan oinarritu dira». Hain zuzen, atzoko epaiak berretsi egin du urtebeteko itxialdia, besteak beste, bi arrazoigatik: «Akusatuen familia egitura ez da nahikoa adingabeak eusteko eta desegokia da adingabeei izandako jarreragatik erantzukizuna hartu behar dutela transmititzeko». Hori argudiatzeko froga bakarra erabili dute epaileek: zigortutako gazteen gurasoek iazko azaroaren 12an Efe albiste agentziaren bitartez zabaldu zuten agiria. Baina, gurasoek salatu dutenez, epaileek erabilitako testu zatiak ez dira Eferen bitartez zabaldutako agiriarenak. Gurasoen esanetan, sententzian ageri den testua akusatuetako gazteen guraso bakar batek idatzi eta ordenagailuan jaso zuen; baina testu hori ez zen izan gero komunikabideetara zabaldu zena. Horregatik, gurasoek salatu dute epaileek publiko egin gabeko eta guraso bakar batek idatzitako testua erabili dutela zigortutako gazteen itxialdia zuritzeko. Gainera, Ertzaintzak semearen solasgunean sartzeko baimena zuela bakarrik azaldu du, eta ez ordenadore osoa ikertzeko. «Begira gainera nola erabili duten!». Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Ataleko epaileak Adingabeen Epaitegiko, psikologoen taldearen eta fiskalaren iritziaren aurka egin duela dio. «Epaileak berak nahi zuena egin du, horretarako boterea duelako».
«Seme-alabek oso gaizki pasatu dute»
Euren seme-alabak oso gaizki ari direla pasatzen adierazi du guraso honek. «Hala ere, konfiantza izugarria dugu gure seme-alabengan, eta badakigu gaindituko dutela, eta, duintasunarekin gainera». «'Hau zerrikeria bat da', esan digu gaur [atzo] semeak. Guk hau guztia ahalik eta hobekien eraman behar dugula esan diogu, animoarekin eta duintasunarekin. Egurra emango digutela, baina aurrera egingo dugula». Euren seme-alabak ez direla gaizkileak oso garbi utzi nahi izan du: «Sistema horrelakoa denez, epaileak esan duena bete beharko da, baina epaile guztiek ez dute gauza bera esan». Jokin Zeberio ere izan du gogoan: «Gure laguna zen eta maite genuen».
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment