Saturday, January 20, 2007

BULLYING-A AMAITZEKO, KRITIKAK EZ, SOLUZIOAK BILATU BEHAR DIRA

Hori azpimarratu du Miguel Garrido Sevillako unibertsitateko psikologia irakasleak EHUko hitzaldian
manu gimenez
Donostia
Ikaskideen arteko indarkeria amaitzeko, kritika hutsak baino gehiago, konponbideak bilatzeko garaia dela nabarmendu zuen Miguel Garrido psikologian doktoreak. Gainera, arazoa atzematen den momentuan salatzeko deia egin zien gurasoei: «Gurasoek legea argi izan behar dute, ezin da horrelakorik onartu».
EHUko Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroetan haurren heziketa ari dira lantzen egunotan. Atzo, azkenaldian puri-purian dagoen gai bati buruz hitz egin zuen Miguel Garridok, Eskolako indarkeria. 'Bullying'-a. Hala ere, modako gaia izate hori gaitzetsi zuen Garridok hitzaldiaren hasieran, eta arazoari daukan garrantzia eman behar zaiola.
Bestalde, ikasleen arteko jazarpena aspaldi sortu zela esan zuen, eta gizartearen jokabidea salatu zuen, «norbait hiltzen den arte ez da ezer egiten». Baina jazarpena ikasleek ikaskide bat behin eta berriz jo, iraindu edo baztertzen dutenean hasten omen da, «ez haur batek bere buruaz beste egiten duenean».
Normalean, ezaugarri desberdinak dituzten ikaskideen artean gertatzen omen dira tratu txarrak. Indar handia duenak ahulena jotzen du, lagun asko dituenak bakartia baztertuko du, tokikoak etorkinak... Ikaskideen arteko botere mailaren desberdintasunak ere ahalbidetzen du bullying-a, Garridoren ustez.
Mutiletan gertatzen dira indarkeria kasu gehienak, gainera, indarkeria mota desberdinak erabiltzen dituzte neskek eta mutilek. Mutilek indarkeria fisikoa erabiltzen dute gehien, neskek, ordea, hitzezkoa; irainak, ezizen gutxiesgarriak, etab. Baina ondorioak antzekoak dira bi kasuetan, bazterketa soziala eta arazo fisiko eta psikologikoak.
ERAGILEAK ASKO DIRA. Jazarpena eragiten duten elementu asko daude, irakaslearen iritziz. Komunikabideak dira horietako bat; izan ere, «haurrak biolentziaren ikus-entzule bihurtzen dira telebistaren aurrean». Gaztetxoen autoestimua baxuak ere eragina omen du tratu txarretan, «buruestimu baxua berdintzeko, jotzea erabakitzen dute». Era berean, bullying-a jasan dutenek etorkizunean indarkeria erabiltzeko joera omen dute.
Bullying-a eragozte bidean, aholku txarrek bidea trabatzen dutela gaineratu zuen. 'Kasurik ez egin', bullying-ak indartsuago egingo zaitu', eta horrelako adierazpenek kalte besterik ez dutela egiten esan zuen Garridok. Gainera, batzuetan ikastolako arazoak direnez, gurasoek ikastolaren esku uzten omen dute ardura guztia. Baina arazoa konpontzeko etxetik hasi behar dela uste du irakasleak.
Biktimek, normalean, ez dute pairatzen duten jazarpenaz eta mehatxuez hitz egiten, eta hori omen da arazoari aterabidea bilatzeko pausorik garrantzitsuena eta eman beharko litzatekeen lehena, Garridoren ustez. «Hitz egitearen kultura zabaldu behar da ezinbestean».
Metafora batekin amaitu zuen hitzaldia. Txakurra eta katua etsaiak direla betidanik entzun dugu, baina Garridok erakutsi zuen bideoan, txakur bat eta katu bat jolasean ikus zitezkeen, bi ikaskideren arteko gatazka konponezinik ez dagoela frogatzeko.

No comments: