DBHko lehen zikloko irakasle eta ikasleentzat 'Eman bostekoa' materiala prestatu du Ereinek
UNAI ZUBELDIA
Donostia
«Entzun al duzu inoiz bullying hitza? Ba al dakizu zer den bullying kasu bat?». Bi galdera horiek jasoko dituzte Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen zikloko ikasleek, Erein argitaletxeak kaleratu berri duen Eman bostekoa ikasgelan bullying-a lantzeko ikasmateriala erabiltzen dutenean. Bi filmek, making off batek -aktoreen hitzekin grabaketa nola egin zen erakusten duen zatia- eta unitate didaktikoak osatzen dute Ereinek argitaratutako bullying-aren prebentziorako DVD materiala. 500 bat ale egin dituzte, eta eskoletan jada informazioa badute.
Irakaslearentzat didaktika gida bat ere badago, eta ikasleek ere lanerako fitxa batzuk dauzkate. «Halakorik berriro ez gertatzea da gure helburua, eta baita bullying-a zer den jakitea eta horren aurrean nola jokatu ikastea ere». Ikasleen parte-hartzea eta inplikazioa bilatu nahi izan dute Javier Monzon eta Pedro Maria Torres egileek eta Nuria Ruiz Cabestany ideia eta ikus-entzunezkoen arduradunak.
Eskola sistema bizirik dagoen seinalea da; familia giroan, lantokian eta parkean gertatzen diren gatazkak, eskolan ere izaten dira. «Eta gatazkak, berez, ez dira txarrak, bizitzarako, ikasteko eta hazteko balio baitute». Egileen hitzak dira. «Eta bullying-a gatazka horien guztien artean bat da, osagarri jakin batzuk dituena». Gatazka jakin horri modu prebentiboan aurre egiteko sortu dute materiala.
Eta zein da gatazka jakin horren definizioa? «Maiztasun jakin batekin gertatzen den eraso fisiko zein psikologikoa. Errealitate horretan babestu gabe dagoen biktima dago beti». Hori da bullying-a. «Baina horren barruan ere bullying psikologikoa -neskena, batez ere- eta fisikoa -mutilena- dauzkagu; psikologia antzematen zailagoa da, eta denboran luzatzen da», zehaztu du Ruiz Cabestanyk.
Bi istorio ageri dira DVDan, Daniel eta Elenaren istorioak. Material horren bidez irakasleak bullying-a aztertzeko aukera izango du. Irakasleak lehenengo fitxa bat emango die ikasleei -irakasleak beretzat prestatutako materiala izango du oinarri-, bullying-ari buruz zer dakiten jakiteko. Ondoren bi filmak ikusi eta berriz ere beste fitxa bat bete beharko dute ikasleek -identifikatu bullying-tzat har daitezkeen hiru eraso, bullying-tzat hartu ezin diren hiru eraso... Horrelako galderak daude-. Fitxa horiek banaka bete ostean, irakaslearen proposamenei jarraituz, bateratze lana egingo dute, eta making off-a ere ikusiko dute guztiek, aktorearen azalpenak entzuteko.
Irudi horiek ikusi eta taldeka lan egin ostean, irakasleak klasean bullying-ari buruzko eztabaida sortuko du, ikasleen parte-hartzea bultzatuz. Hori da azken helburua. Eztabaida. «Modu gordin-gordinean hitz egiten hasi gabe, filmeko egoerei buruz hasiko dira hizketan, eta hortik sortuko dira proposamenak, ideiak... azken batean, filman erraz ulertzen baita istorio hori benetakoa dela. Adibide gisa, aktoreek ere oso erraz ulertu dute barruan benetan zer istorio dagoen».
Filmek hasiera eta amaiera bat daukate -mutilaren istorioan, adibidez, gurasoek semea eskolaz aldatzea erabakitzen dute-, baina arazoa azaleratzeko besterik ez dute egin hori. «Klasean eztabaidatzeko aitzakia da».
JAVIER MONZON EHUko irakaslea eta pedagogoa
«Erasoetan biktimari lagundu behar zaio, baina erasotzaileari ere bai»
U. ZUBELDIA
Donostia
Eman bostekoa proiektuan parte hartu du Javier Monzon EHUko irakasleak. Bullying-aren bilakaera gertu-gertutik ezagutzen du.
Inoiz baino gehiago hitz egiten da bullying-ari buruz, baina lehen ere izango ziren kasuak. Zer aldatu da?
Gizartearen begirada aldatu da. Lehen ere bullying-a bazegoen; ezin da esan orain kasu gehiago daudenik. Dauden horiek oihartzun handiagoa daukate, hedabideengatik, familiek ere salatu egiten dutelako... Arazoa agerian eta gizartea jakinaren gainean dago.
Jakinaren gainean bai, baina material didaktikoa prebentziorako dela esan duzue. Orain arte, beraz, irakasleek ez dute laguntzarik izan? Zer behar zeuden?
Hiru urte pasa dira lan honetan hasi ginenetik, eta gauzak aldatu egin dira. Lehen ere egiten ziren bizikidetza planak, eta oraindik ere egiten dira. Guk bullying-aren prebentziorako lagungarria izango den tresna egin dugu. Besterik ez.
Hondarribiko Jokin Zeberioren kasua da ezagunena, eta kasu horretan ikasle batzuek jaso zuten zigorra. Baina bullying kasu baten aurrean zer ardura daukate ikasleek, familiak, eskolak...?
Jokinena oso kasu berezia eta gogorra izan zen. Hori oso gutxitan gertatzen da. Hori ere bullying-a da, baina bullying-a hori bakarrik ez da. Indarkeri maila desberdinak daude, eta kasu horretan bullying kasu gogor bat zenez, neurriak ere gogorrak izan ziren. Eta kasu horietan errua norena den? Denena eta inorena ez. Baina garrantzitsuena ez da hori, bullying kasuak ez gertatzea baizik. Biktimari lagundu behar zaio, baina erasotzaileekin ere lana egin behar da, atzean arazoren bat dagoen erakusgarri baita erasoa.
Neska/mutil bereizketa egin duzue bullying-a azaltzean.
Bai, joera hori badago. Mutilena bullying fisikoa izan ohi da orokorrean, eta neskena psikologikoa. Baina, tamalez, neskak mutilen eredu txarrak ikasten ari dira.
DVDaren datuak
Jatorrizko ideia eta errealizazioa. Nuria Ruiz Cabestany.
Gidoia. Javier Monzon eta Nuria Ruiz Cabestany.
Materiala. Bi pertsonaiak jasaten duten jazarpenaren inguruko bi film, making off-a eta material didaktikoa.
Iraupena. 18 minutu eta 25 segundo.
Hizkuntza. Euskara.
Norentzat. DBHko lehen zikloko ikasle eta irakasleentzat.
No comments:
Post a Comment