Thursday, January 11, 2007

Bullyng-a aurrez aurre

Jazarpena, bullying -a... Hondarribiko gertakariaren ondoren denon ahotan dabilen gaia da. Lehendik ere horrelako arazoak ezagunak baziren, oraingoan ondorioak muturrera iritsi dira, eta horrek kezka areagotu egin du.

Ez da errudunak bilatzen aritzeko unea, zuhurtziaz jokatu eta hausnartzekoa baizik. Eta bada zer hausnartua: zergatik sortzen diren horrelako jazarpenak, zer egin daitekeen horiei aurre egiteko edota saihesteko, zer egin dezakeen bakoitzak dagoen lekutik (familian, ikastetxean, gizartean, administrazioan...) eta abar.

Eskolan kokaturik, alde batetik, prebentzio lana egin daiteke, eta hori egiten dute Etxarri-Aranazeko ikastolan. Bestetik, daukagun hezkuntza ereduaz eta antolaketaz hausnartu beharko genuke, horrek ere baduelako bere eragina. Juanjo Otaño eta Alex Barandiaranek esku bat bota digute horretan. Ikusi erlazioanaturiko artikuluak
Ikusi erlazionaturiko materiala
Jazarpen egoeren erantzukizuna guztiona da

Bullying -a denboran zehar mantentzen den planifikatutako eta nahitako erasoa da, botere gehiegikeriaren egoera dramatikoa adierazten duena, eta nagusitasun-menpekotasun eskema ezarrarazten duena erasotzaileak biktimaren gainean". Horrela definitzen du bullying-a Jose Maria Aviles Gaztela eta Leongo STE sindikatuko Lan Osasun arloko arduradunak. Ikasleen artean gertatzen diren jazarpen egoeren inguruko doktorego tesia egina du eta bullying-aren aurka egiteko programak diseinatuta ere bai.

Nora Rodriguez bullying-ean aditua den pedagogoak ere antzeko definizioa ematen du: "Ikasketa zentroetan gertatzen den beldurrarazte prozesua da, sistematikoa eta hazten doana, lagun batzuek beste bati egiten diotena taldearen onespenarekin".

Ez da arazo berria, betidanik egon baitira baztertutako lagunak, irainak jaso dituztenak, harroputzak eta ahulak. Gehienetan kaltetuek barruan eramaten dute sufrikarioa, isilpean. Batzuetan ondorioak ikusten dira, bestetan ez. Hondarribiko kasuan ikusi dira, eta horrek ezinegona eta kezka areagotu egin ditu.

Jose Maria Avilesek egindako azterketaren arabera, ikasleen % 6k onartzen du inoiz ikaskideek eragindako tratu txarrak jaso dituela. Tratu txarrak eragin dituztela aitortzen duten gazteak % 5,8 dira.

Garbi dagoena da hausnartu beharra dagoela. Batetik, horrelako jazarpenak zergatik gertatzen diren jakiteko, eta bestetik zer egin daitekeen ikusteko.

Gurutze Zipitria psikoterapeuta eta irakasleak dio umetan gertatzen direla, "helduok ez garelako behar den bezalako ereduak". Izan ere, jasotzen duten eredua, bai etxean eta bai eskolan, egungo gizarte ereduari erabat lotuta dago. Alicia Stürtze historialariaren iritziz "behin eta berriz hitz egin da "balioetan" oinarritutako heziketaren premiaz horrelako arazo guztiei irtenbidea emateko. Haatik, gutxik aipatu dute hezkuntza sistemak bizi duen kontraesana. "Munduko hezkuntza ordena berriaren" ezarpena bizi du orain, eta bere kontsigna nagusiak balio horien kontrakoak dira, hain justu. Edozein eskolak integratu beharko lituzkeen justizia, elkarrizketa, elkartasuna, trukea eta tolerantzia zaharkituta gelditzen dira eredu berri horretan. Munduko merkatu librearen neurrira egindako eredua da, eraginkortasuna eta konpetitibitatea helburu dituena. Kontua ez da hiritar integralak, kritikoak, integratuak eta solidarioak prestatzea, baizik eta "homo economicus" moduko bat, multinazional handien estrategietara eta merkataritza librera eta haren ideologiara egokitua".



Erantzukizuna denona da

Bullying-a ez da gazteen arazoa, gizarte osoarena baizik. Horregatik, erantzukizuna ere denona da, ez gazteena soilik, irakasleena soilik edo gurasoena soilik. Ondorioak ere, denok jasaten baititugu. Avilesek dioen bezala, "biktimari eragiten dio, noski, ondorioak jasaten dituelako. Erasotzaileei ere bai, nagusitasun-menpekotasun harremanean oinarritutako erlazioak edukitzera ohitzen direlako. Ikusleak ere, ezer egin gabe eta beste aldera begira gelditzen badira, moralki egoera injustuak ikusi eta beste leku batera begiratzen ikasten dute".

Xabier Barandiaranek ere hala dio: "Gazteek bizi dituzten arazoak gizarte arazoak dira, eta konponbideak gizartera apuntatzen du bere osotasunean: familiaren, eskolaren, herriaren zeregina birdefinitu eta indartzera. Arazoa guztiona da, eta guztioi dagokigu ardura; zeregin hori hezkuntza sistemaren esku edota komunikabideen esku bakarrik geratzen bada, gizarteak porrot egingo du".

Erantzukizuna hartu beharra dago, eta serio, gainera. Elias Mendinueta guraso eta abokatuak eta Mirari Bereziartua coach pedagogoak diote ez dugula lasaitu behar, lasai gelditzeak ez duelako ezer konpontzen. "Erantzukizuna, batzuena zuzenagoa bada ere, guztiona da". Ildo beretik mintzo da Koldo Izagirre idazlea ere: "Pedagogiaz espantuka hitz egin eta baliabiderik ematen ez duen politikaria da bakoitza, gelan gertatzen ari dena zuzentzeko gauza izan ez den hezitzailea da bakoitza, semearen ubeldu moral eta fisikoak eztitzeko gai izan ez den gurasoa da bakoitza, bere burua amildu duena bera da bakoitza... baina batez ere tradizioaren izenean edo eguneroko epelean herrian eredu matxomerkea nagusitzen utzi duen oro da bakoitza".



Zer egin dezakegu?

Ildo horretatik, bigarren hausnarketara heltzen gara: zer egin daiteke? Hasteko, gurasoen eta irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana funtsezkoak dira. Horrekin batera, gazteekiko komunikazioa ere bai; beraien egoera ezagutzeko eurekin egon beharra dago. Harremanak zaintzea funtsezkoa da.

Gurutze Zipitriaren ustez harremanei eta sentimenduei leku gehiago egin behar zaie: "Notez eta antzeko gaiez hitz egiten da klaustroetan, baina irakasle bakoitzaren egoeraz eta ikasleekin dituen harremanez oso gutxi hitz egiten da. Edukiei sentimenduei eta harremanei baino askoz garrantzi handiagoa ematen zaie, eta hori aldatu behar da".

Jazarpen egoeren aurrean epairik ez egitea ere garrantzitsua da, erasotzaileak, erasotuak eta ikusleak, guztiak baitira kaltetuak eta errua botatzeak ez baitu arazoa konpontzen.

Elkarbizitza ahalik eta hobekien bideratzea da egin litekeen gauzarik onena. Bai ikastetxean, bai etxean, bai kalean, bai lantegian... Hainbestetan errepikatzen diren balioak eguneroko bizitzan praktikan jarri eta horien araberako jarrerak lehenetsi behar ditugu. Eta horretarako, gure artean hausnartu eta hitz egin behar dugu. Edonola ere, Avilesen iritziz elkarbizitza giroa hobetzeak ez dakar bullying kasuak desagertzea. "Bi gauza desberdin dira. Elkarbizitza hobetzea da diziplina arazoak, jarrera antisozialak, motibazio falta, interesik eza... konpontzea. Baina bullying-aren jatorria desberdina da eta horri aurre egiteko plan bereziak jarri behar dira ikastetxean".

Avilesek antbullying programa bat proposatzen du, eta hainbat pauta zehaztuta ditu. EILAS sindikatuak liburuxka batean bilduta argitaratu zuen, eta egun agortuta badago ere web orri honetan aurki daiteke: www.stee-eilas.org/lan_osasuna/gaiak/Bullying/BullyingEUSK.htm

Edonola ere, horrelako neurriak hartu aurretik ongi hausnartu behar dela dio. "Presaka jardutea txarra da. Ekin baino lehen hausnartu egin behar dugu. Ekintzak planifikatzeko denbora hartu behar dugu. Administrazioek, arduradun politikoek, hezkuntza arduradunek, profesionalek, familiek... lor dezagula gure zentroak seguruagoak izateaz gain sanoagoak izatea. Zeren hau ez da segurtasun arazoa soilik, baizik eta osasun arazoa: eskola osasuna, afektibitate osasuna, osasun emozionala".



Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolan gatazkei eta jazarpenei aurre egiten diete

Etxarri-Aranatzeko Andra Mari ikastolan 2002/03 ikasturtean hasi ziren bullying-a lantzen. Irakasle guztiaksentsibilizatuta eta erne egotea lortu dute, eta euren arteko etengabeko komunikazioa eta laguntza funtsezkoak direla badakite. Ikasleek, gurasoek, orientatzaileek eta irakasleek, denek hartzen dute parte arazoei irtenbidea bilatzeko orduan.



Ez ziren hasi bat-batean bullying-a lantzen, aurretik gatazkak konpontzeko programaketa bat esku artean zuten. Itziar Aldaz eta Txarete Ganboa orientatzaileak gatazka ugariren aurrean pausatzen ziren, eta horiek bideratzeko beharrak eta interesak bultzata heldu zioten gaiari. EHUko irakasle Ramon Alzaterekin harremanetan jarri ondoren, programa bat jarri zuten martxan. Bitartekari papera zein zen ikasi zuten, gatazkak nola bideratu, nola eseri, nola hitz egin... eta hor hartutako irizpideekin hasi ziren gatazkak bideratzen.

2002/03 ikasturtean Jose Maria Aviles artikulu bat irakurri zuten, eta bere tesiaren zein materialaren berri jakin zuten. Gatazken eta bullying-aren arteko lotura ikusita, gai horri heltzea erabaki zuten.



Urtez urteko prenbentzio lana

Azken urteotan hainbat kasuren aurrean aurkitu dira eta denen artean irtebideak bilatzen ahalegindu dira. Baina horrekin batera, prebentzio lanari ekin diote, hau da, prestatzeari. Atzera begira jarrita, zer egin duten ikus daiteke.



2002/03 ikasturtean:

- Material bilketa: aldizkari eta egunkarietako artikuluak

- Galdeketa: Lehen Hezkuntzako 3. zikloan eta Bigarren Hezkuntzan galdeketa anonimoa pasa zitzaien ikasleei tutoretza orduetan. Galderak horrelakoak ziren: zure gelan erasoak gertatzen al dira? Nolakoak? Irainak, agresio fisikoak...? Noizbait erasotua izan al zara? Nola sentitu zara? Zer iruditzen zaizu egin behar dela kasu horietan?

- Ateratako emaitzak tutoretza orduetan landu ziren.



2003/04 ikasturtean:

- Gurasoen iritzia jakiteko, DBHko bilera orokorretan Jose Maria Avilesek proposatzen duen galdeketa pasa zen.

- Orientatzaileetako batek formazioa jaso zuen Jose Maria Avilesekin.

- Bi formazio saio egin ziren klaustroan irakasleak prestatzeko. Lehen saioan galdeketa anonimo bat pasa zuten, biziki interesgarria.

- Ikasturte amaieran ikastolako aldizkarian gurasoentzako idatzi bat argitaratu zen gai honen inguruan.

2004/05 ikasturtean:

- Ikasturte honen hasieran, gaia pil-pilean zegoela ikusita, ikastolan egiten ari diren lanaz informatu dituzte gurasoak aldizkariaren bitartez.

- Klaustroko formazioarekin jarraituko dute. Denen artean adostu ondoren, idatzita eta ikastolako proiektu kurrikularrean sartuta utziko dute horrelako egoeratan zein pauso jarraitu behar diren.

- Gai honen inguruan guraso eskolak antolatuko dituzte.

-

Jarraitzen dituzten pautak

1.- Lehendabizi, eskaera jaso: kezkatuta dagoen ikasle batena lagunik ez daukalako edo iraindu egiten dutelako; kezkatuta dauden gurasoena eskolatik at koadrilan gertatzen denagatik; irakasle bat etortzen denean... Orientatzaileek eta irakasleek denei entzuten diete eta esaten dutena jaso egiten dute, inor epaitu gabe, baloraziorik egin gabe. Hori dena eserita egiten dute, garrantzia emanez.

2.- Informazioa jaso alde guztietatik. Horretarako, denekin biltzen dira, egoeran parte hartu duten guztiekin: irakasleekin, gurasoekin, ikasleekin... Beti, lehenengo, erasotzailearekin. Espero ez duen unean gelatik atera eta orientatzaileek berarekin hitz egiten dute, epaitu gabe: zer dakizu honetaz, badakigu norbait oso-oso gaizki pasatzen ari dela... Hasieran gehiegi ez dutela komentatzen diote orientatzaileek, baina ikusten dutenean ez dutela epaitzen eta badakitela zer gertatzen den, orduan hitz egiten hasten omen dira. Beraiei galdetzen diete zer egin daitekeen egoera aldatzeko, zerbait proposatzeko.

Erasotuarekin azkena elkartzen dira.

3.- Lehen mementotik portaera erasotzaileak debekatzen eta mozten dituzte. Baldin badakite irainak egon direla, erasotzailearekin elkartzen direnean, esaten diote ez dutela irainik onartzen. "Ez baduzue berarekin ibili nahi edo bere lagunak izan nahi, ados, baina ez egin minik, ez kendu gosaria...", esaten diote. Normalean errespetatzen dute, edo mugimenduak egoten dira, gurasoak ere kezkatuta egoten direlako eta etxean ere komentatzen dutelako.

4.- Irakasleei gertatzen dena gelan aipatzeko esaten diete, erasotzaileek jakin dezaten eurek badakitela zer gertatzen den. Horrek indarra kentzen die. Ordura arte inpunitate osoz egin duena ezin duela egin konturatzen da erasotzailea.

5.- Garrantzitsua da gurasoekin hitz egitea eta orientatzaileek edo irakasleek ez dutela epaitzen eta ez direla posizionatzen ikustea. Izan ere, hasieran seme-alabak defendatzen hasten dira, baina erasotzailea ere kaltetua dela ohartzean, konturatzen dira lagundu egin nahi zaiela.

6.- Gainbegiratu: irakasleak eta gurasoak informatuta mantentzen dira eta gainbegiratzeko esaten zaie. Erne egon daitezela, euren presentzia areagotu dezatela, ez poliziak bezala, baina bai egoerak kontrolatuz.

7.- Bidea markatu: jasotako informazio guztia aztertu ondoren, orientatzaileek arazo nola bidera daitekeen aztertzen dute. Kasu batzuetan erasotuak autoestimua igotzea beharko du, eta beste batzuetan erasotzailea izango dalaguntza behar duena.

8.- Jarraipena: erasotuak asko eskertzen du jarraipena egitea, zer moduz dagoen galdetzea...

9.- Gurasoei eta irakasleei aholkuak eman.



Irakasleen jarrera aldatu egin da

Ikastolako bi orientatzaileak beti egon dira gai honen inguruan sentsibilizatuta, baina orain, irakasle guztiak daude. Itziar Aldaz orientatzaileak dioenez, hasieratik erakutsi zuten irakasleek gai honen inguruko kezka. "Galdeketa egin genuenean, lehenbiziko galdera hau izan zen: zure ustez, erasoak, errespetu falta etaabar gai akademikoak baino garrantzitsuagoak dira, bai ala ez? Eta bigarren galdera: Horrek guztiak curriculumaren barruan egon beharko luke, bai ala ez? Denek baietz erantzun zuten, eta beraz, hor jarrera bat ikusten da".

Gainontzeko galderen erantzunak ikusita, konturatu ziren ordura arte ez zutela esku hartzen egoera horien aurrean ezjakintasunagatik eta ezintasunagatik. "Babesik gabe jokatzen zuten horrela" dioTxarete Ganboak. "Ez badakizu nola jokatu, ez duzu esku hartzen, gauzak okertzeko beldurrez. Neutralitatean mantentzen zara. Zentzu horretan, asko aurreratu dugu. Orain irakasleak beti erne daude eta gurasoak arazoren batekin etortzen baldin badira, jaso egiten dute eta bileretan komentatu. Bullying-a lantzen hasi ginenetik lasaiago, ziurrago sentitzen gara. Horrek ez du esan nahi arazorik ez dagoenik; soilik, arazoak sortzen direnean badakigula nola jokatu denok bateratuta".

Batzuetan orientatzaileek bideratzen dute, eta beste batzuetan irakasleek. Mekanismoak eta pautak barneratuta dituzte guztiek.

Elkarren arteko komunikazioa funtsezkoa da

Formazioak eta pautak edukitzeak ziurtasuna ematen badu, zer esanik ez elkarrekin komunikatuta egoteak. Hori funtsezkoa dela diote orientatzaileek, eta zentzu horretan, ikastola txikia izatean zorte handia dutela aitortzen dute.

Ikastola honetan tutoretza saioei izugarrizko garrantzia eman diote betidanik. Bigarren Hezkuntzan aritzen da Itziar Aldaz eta astero biltzen da tutoreekin. "Balioak lantzen ditugu eta saioak prestatzen ditugu. Modu horretan, formazioa jasotzen dute eta sentsibilizatuta daude". Ikastola txikia denez, urtetik urtera tutoreak aldatu egiten dira, baina denak pasatzen dira tutore izatetik; beraz, denek jasotzen dute formazioa eta esperientzia. Horrez gain, hamabostean behin gela bakoitzetik pasatzen diren irakasle guztiekin biltzen da Aldaz ikasleei buruz, egoerei buruz edota gertatu den zerbaiti buruz hitz egiteko eta jarrerak adosteko. "Gauza asko lantzen dira eta komunikazio handia dago. Irakasleak ohituta daude euren artean gauzak komentatzen".

Haur eta Lehen Hezkuntzan Txarete Ganboak ez du hainbesteko jarraipena egiten. "Tutoreek ordu gehiago pasatzen dituzte haurrekin eta hartu-eman estuagoa dute. Horregatik, hamabostean behin biltzen naiz tutoreekin".



Zer aldaketa lortu dira?

Egindako lanaren ondoren, hainbat lorpen ikusten dituzte Aldazek eta Ganboak, eta garrantzitsuak direla diote, zalantzarik gabe.

Hasteko, bullying eta antzeko egoera guztiak jaso eta entzuten dituzte. Lehen batzuk bai, beste batzuk ez, ikastolan gertatzen zirenak bai, besteak ez... Orain denak jasotzen dituzte. Eta gainera, fundamentuz; hau da, hitzordua emanez eta eserita hitz eginez. Lehen horrelako komentarioak modu informalean egiten ziren eta orain askoz serioago hartzen dira.

Irakasleek eskertu egin dute formazio saioak ematea. Pauta batzuk ematea eskatu zuten, horrelako egoeren aurrean nola jokatu jakiteko.

Gelan gertatzen diren gauzek lotura dute kanpoan gertatzen denarekin. Horregatik, esku hartu beharra dagoela argi dute orientatzaile hauek. "Ez dugu guk esaten, adituek baizik" ziurtatzen dute. Euren asmoa arazoak bideratzea izan da beti. Eta hori bai, beti epaitu gabe, baloraziorik egin gabe. Dena dela, kasu batzuetan gurasoek edo ikasleek esan izan dute eskolatik kanpoko arazoa denez ikastetxeak ez duela sartu behar. Orientatzaileak ez daude ados horrekin. "Noski dela gure arazoa ere. Zeren gu ez gaude hemen Matematika, Historia edo Musika emateko soilik, giza trebetasunak erakuste ere bai".

Gurasoek laguntza eske jotzen dutenean, kolaboratzea eskatzen diete. "Zenbait mementotan gurasoek pauta argiak behar dituzte" dio Ganboak. "19 urte daramatzat lanean eta lehengo gurasoak eta oraingoak ez dira berdinak. Gauza batzuetan oso dinamikoak dira, aktiboak... ez dira guraso txarrak. Baina arauen aldetik oso kili-kolo ikusten ditut. Gaur egun haurrak oso preziatuak dira eta erraz uzten zaie. Gurasoak ez dira konturatzen jokaera horiekin haurrek fustraziorako ahalmen gero eta txikiagoa dutela. Eta gero, edozein arazoren aurrean, nola jokatu ez dakitela gelditzen dira. Hor gurasoek badute zer egina".

Oso garbi dute denen artean bideratu behar direla arazoak. Elkarri entzun egin behar zaio eta bakoitzak bere eskuetan dagoena egin, batera.

Hasieran erasotua zen pertsonarekin biltzen ziren batik bat. Autoestimua lantzeko, hobeto sentitzen laguntzeko, aurre egiten ikasteko... Baina urte hauetako esperientziaren ondoren, besteekin ere egon behar dutela ikasi dute. "Betiere erasotuaren baimenarekin. Lehenengo erasotzailearekin hitz egiten dugu. Eta noski, baita ikusleekin ere. Askok gaizki pasatzen dute eta hitz egiten hasiz gero, berehala konturatzen dira zerbait egin beharra dagoela" azaltzen du Aldazek.

Noski, horretarako isiltasunaren legea hautsi beharra dago. "Ikasleek ez dute salatari izan nahi, hori oso gaizki ikusia dago" dio Ganboak. "Baina bi egoera desberdin bereizten jakin behar da. Bata da aldamenekoak zerbait gaizki egin duenean irakasleari esatea, eta hori ez egiten irakatsi behar zaie. Baita taldeko sekretuak ez kontatzen ere. Baina beste gauza bat da eskubide zapalketa bat egotea, eta horrelakoetan ezin dute isildu".

Ikastolako antolaketaren elementu positibotzat hartzen dute adin guztietako ikasleak eraikin berean egotea. Andra Mari ikastolaren kasuan, Haur Hezkuntzako eta DBHko ikasleak eraikin berean daude. "Hasieran beldurra ematen zigun bezala, orain ziurtasuna ematen digu" aitortzen dute biek. "Handiek ez dituzte hainbeste gehiegikeria egiten txikien aurrean, eredu sentitzen baitira. Irakasleek ere txikiak babesteko jarrera dute eta erneago daude".



Irakasleentzako aholkuak

- Erne egon eta moztu.

- Koordinazio lana: informazioa trukatu.

- Gainbegiratu

- Serio hartu eskaerak. Ez esan "haurren kontuak dira", "jolasten ari dira" eta horrelakoak. Jolasten ari direnean ondo pasatzen dute, baina norbait sufritzen ari baldin bada edo gaizki sentitu bada, hor ez dago jolasik. Hor muga bat dago. Eta orduan, egoera aldatzeko zer egin daitekeen pentsatu behar da.



Gurasoentzako aholkuak

- Ez hitz egin gaizki beste haurretaz.

- Talde desberdinekin ibiltzen erakutsi seme-alabei, ez beti lagun berberekin. Sarritan entzuten da "gure koadrilakoa baldin bazara, ezin duzu horiekin ibili. Eta ibiltzen bazara, ez zara gure laguna". Guraso batzuek ongi ikusten dute, eta ez dira konturatzen beraiek ez dutela kafea beti berdinekin hartzen. Gauza bat da taldeari leiala izatea edo gaizki esaka ibiltzea. Baina beste bat besteekin ezin dela ibili esatea.

- Balioen transmisioa, errespetua.

- Komunikazioa mantentzea. Erasotzaileek ez dute ezer kontatzen, eta gurasoek oso gaizki pasatzen dute, azkenak izaten direlako zer gertatzen den jakiteaz.

-

Ikasle erasotuarentzako aholkuak

- Esan ez sentitzeko errudun esaten dizkiotenagatik.

- Esan ez identifikatzeko esaten dioten guztiarekin.

- Irainari halago bat bezala erantzun.

- Tutorearekin hitz egin.

- Inoiz ez erantzun beste irain batekin.

1 comment:

Anonymous said...

Laura, zure blog honen post batzuk oso interesgarriak iruditzen zaizkit. Hau bereziki deigarri iruditu zait oso praktikoa ikusi dudalako.

Mila esker.